Eskerrik beroena jaiotzen eta hiltzen ikusi zuen herriari, alfa eta omega bere bizitzan.
Jaiotzen lagundu zioten ospitaleko lankideei.
Hainbesteko maitasuna eman zioten familia eta lagunei.
Bere amamari eta umetako zaintzaileari eskaini zioten denbora guztiagatik.
Gure auzokoei, lehengoei eta egungoei, beti izan zituztelako txerazko hitzak harentzat, eta patrikan pagaren bat edo beste.
Ikastolari, eman zizkioten heziketa urte guztiengatik.
Umetako, nerabezaroko eta gaztaroko lagunei, berekin partekatu zituzten momentu ederrengatik.
Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteari, aste bukaeratako lasterketa ahaztezinengatik eta taldean lan egitea zer den erakutsi ziolako.
AMETeko espeleologoei eta Besaide Espeleologia Taldeko lagunei, gure lurraren erraietan ikasi zuen guztiagatik.
Besaide Mendizale Elkarteari, bere babesagatik.
Batxillerreko bere irakasleei, hainbeste suspentsu gainditzen lagundu ziotelako.
Unibertsitateari, isilean egindako omenaldiagatik.
Idatzi ziotenei, euren hitzek bere heriotzaren hotzetik gorde gaituztelako.
Liburutegiko langileei, euren liburuekin hain gertu izan ditugulako.
Bere izebari, irribarre egiten erakutsi ziolako zailtasun guztien gainetik.
Bere lagunei, eta gureei, euren bisitengatik eta gure isolamenduan hain gertu egon direlako.
Gure ate ondoko bizilagunei, euren altxorrik handiena lagatzeagatik: Tasioren laztanak.
Bera bilatzen lagundu zigutenei eta zorigaiztoko gau hartan ondoan izan genituenei.
Olentzerori, bere opariagatik, ordurako bera hemen ez zen arren.
Basati tabernari, oroitzapen etengabeagatik.
Gaztetxeko bere lagun poetei, in memoriam eskaini dizkioten sortze-keinu guztiekin eta euren samin adierazpenekin, gure semearen ondarea utzi digutelako: lagun familia handi bat haren galera gainditzeko.
Gure aurretik eta ondoren seme-alabaren bat galdu dutenei, elkarri besarkatuta gaudelako besarkada amaigabe baten.
Bere bizitzari, gureari hainbeste eman izanagatik.
Udalatxi, bere ibilbideak ematen digun lasaitasunagatik.
Denoi, mila esker, inoiz ez digutelako hainbestek horrenbeste eman.