Karta honen bidez martxa honen inguruan herrian zein inguruetan izan zen neurri gabeko presentzia poliziala salatu nahi da.
Aurreko egunetik, otsailak 11, ertzainak bueltaka ibili ziren herrian zehar pankarta eta kartelak irakurtzen.
Larunbatean, goizeko 8etatik nabaria zen presentzia poliziala herriko hainbat puntutan. Berez, martxa 09:30ean hasteko asmoa zegoen arren, 11:30ean hasi zen, Miñaon, N-240 errepide nazionala lau patrol baino gehiagoz moztuta zegoelako. Hemen Gasteiztik martxara zetorren jendea gelditu, identifikatu eta milaka galdera zentzugabeko egin zizkieten. Azkenean jende guztia elkartzea lortu zenean, ertzainak jendearengana hurbildu eta martxa baimendu gabea zegoela esan eta zoriz aukeratutako bi pertsona identifikatzera behartu zituzten.
Oztopoak oztopo, martxak aurrera jarraitu zuen Ertzaintza atzetik zebilela. Hala ere, martxaren balorazioa positiboa izan da, AHTk eragindako ondorioak ikusi eta kaltetu zuzenen bizipenak entzun ahal izan zirelako.
Egoera hau ikusirik, hainbat galdera datozkigu burura: mendira joateko, baimena eskatu behar al da? AHTren aurkako jarrerarik ezin da azaldu? Non dago horrenbeste saltzen diguten demokrazia? Indar polizialen presentziarekin gure aldarrikatzeko eskubidea isildu nahi dute? Agian inposatutako makro-proiektu honen aurkako ahotsak indarrez eta bortxaz isildu nahi dituzte?... Guk gure ideiak eta ekintzak eraso eta bortxa hauen guztien gainetik aldarrikatzen jarraituko dugu, horretarako eskubidea dugulako eta horrela sinesten dugulako.
(Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada)