Ana Ramos (Aretxabaleta): "Erantzukizun eske"

Erabiltzailearen aurpegia Ana Ramos 2011ko ots. 19a, 01:00

Joan den abenduaren 18an (zapatua), eguerdi inguruan, kolpe baten zarata entzun zen...

... eta argi barik geratu zen Nafarroa kaleko 2. atarteko bigarren solairua.  

Ondoren, urak iturritik ateratzerakoan egiten duen hotsa entzuten hasi zen sukaldean. Ura hasi zen ateratzen eta lehenengo solairuko bizilagunek etxean ura sartzen ari zitzaiela jakinarazi zuten. Bost minutuan bizilagun guztien artean zebilen kontua, uraren pasoko giltza guztiak itxi zituzten eta etxetresna elektrikoak itzali. Baina urak irten eta irten jarraitzen zuen, batez ere lehenengo solairura jausiz. Susmoak egia bihurtzen zihoazen, bazitekeen eraikineko hodi jeneral bat apurtu izana. Bizilagun batek arketa topatu zuen Bizkaia kalean eta bihurkin batekin palanka eginez zabaldu; baina giltza ixtera zihoanean, ezin zela konturatu zen, giltza berezia zelako.

Horren aurrean, bizilagunok udaletxera deitu genuen, baina ez genuen lortu inorekin berba egiterik. 112 zenbakira deitu genuen eta erantzuna izan zen ixteko hodi jeneraleko giltza, udaletxean eskatuta. Baina, aurretik esandako moduan, ordurako ez zeuden lanean udaletxean. Ondoren, Ertzaintzari deitu genion eta gure ezustekoa izan zen esaldi berbera entzun behar izatea: "Uraren giltza itxi behar duzue". "Badakigu, baina ez daukagu giltzarik". "Joan udaletxera, han izango dute eta; dena dela, beste behin ere gertatu zen antzeko zerbait eta Gipuzkoako Urak-i deitu zioten". 1888an Gipuzkoako Urak-en telefono zenbakia eman ziguten.

Baina Gipuzkoako Urak-en ez zuen inork telefonoa hartu.

Ezin dugu berbekin adierazi gure ezintasuna, ura etxe barruan goitik behera zetorren euria balitz bezala, eta inork ez zigun laguntzen. Denbora aurrera zihoan, ordubete inguru bai. Aseguruari deitu genion eta iturgina bidaliko zigutela erantzun, bai, baina Urretxutik zetorren! Amesgaiztoa zirudien, ezin zen egia izan. Ordu erdi baino gehiago behar zuen hark; hortaz, herriko iturgin bati deitzea erabaki genuen. Zortea izan genuen orduan, eta Saner-eko mutilek erantzun ziguten; egiten ari zirena utzi eta bost minutuan Pablo eta Juan agertu ziren. Giltza dontsua itxi zuten, eta kontrol barik eraikinean jausten zegoen uraren zarata isildu zen. (Eskerrik asko, Pablo, lasaitu ederra hartu genuen zuen jarrera ikusita eta esandako berba lasaigarriak entzunda).

Inork minik hartu ez bazuen ere, kalte materialak bakarrik jasan ditugulako, inork ez du gustuko etxean ura sartzen ikustea eta barruan duen guztia aurrean eroatea. Egia esatearren, esan beharra dago Udaleko bi langile agertu zirela: Segovia jauna eta Urrutia jauna. Zoritxarrez, arazoa ordurako konponduta zegoela agertu ziren. Lehenengoak giltzaren arazoari garrantzia kendu zion eta bigarrenak esan zuen egun guztia etxean eman zuela (nahiz eta ez erantzun Pablok bertatik egindako deiari).

Ez da errudunak topatzeko ordua, baina bai erantzukizunak eskatzekoa. Zergatik ez dauka bizilagunen komunitate batek halako kasuetarako hain garrantzitsua den giltzarik? Udaleko langileek bakarrik izan behar badute, zergatik ez dituzte deiak Erabiltzaileen Laguntza Zentroren (CAU) batera desbideratzen, laguntzeko inor ez dagoenean? Ez dago larrialdietarako protokolorik? Ez 112ak, ezta Ertzaintzak ere ez badigute laguntzen, zeinena da ardura hori? Ordaintzen ditugun zergekin, ez daukagu laguntzarik jasotzeko eskubiderik?

(Nafarroa kaleko 2. atarteko bizilagunen izenean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak