Abokatua, familia eta gertukoak ari dira lanean Venezuelari erakusteko Asier Guridi bere "militantzia politikoagatik" dagoela herrialde hartan eta dagoen egoeran. Euskal Herritik horren gaineko hainbat dokumentazio bidali dutela adierazi diote Goienari Guridiren gertukoek.
Asier Guridi irailaren 20an atxilotu zuten Venezuelan. Nortasun faltsuarekin bizi zen herrialde hartan, eta orain asilo politikoa eta venezuelar naziotasuna lortzeko lanean dihardute. Venezuelan emaztea eta semea ditu oñatiarrak, eta horiekiko bere lotura erregularizatu nahian –bere benetako nortasunaren arabera– ere badihardute, naziotasuna lortu ahal izateko.
Guridik 15 eguneko gose greba ere egin zuen bere atxilo-aldian, preso zegoela zituen bizi-baldintzengatik kexu. Bere gertukoek adierazi dute berriki izan direla berarekin eta "ondo" dagoela.