Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abe. 4a, 16:59

Abenduaren 15ean Barakaldon egingo den Bertsolari Txapleketa Nagusiko finalaren aurkezpena egin dute gaur BECen bertan. Besteak beste, argitu dute nork jantziko dion txapela 2013ko txapeldunari: Joanito Dorronsoro izango da arduraduraduna. Lehian Euskal Herriko punta-puntako zortzi bertsolari, eta aurrean milaka ikusle.

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Punta-puntako zortzi bertsolari aurrez aurre.

Irailaren 29an abiatu zen XVI. Bertsolari Txapelketa Nagusia eta 13 saiotan jokatutako kanporaketa eta finalaurrekoen ostean, 43 bertsolaritatik aipaturiko zortzirek eskuratu dute finalerako txartela. Hala, abenduaren 15ean Barakaldo bertsolaritzaren gune bilakatuko da.

Aspaldi agortu ziren finalerako sarrerak. Hala, bertatik bertara ez ezik, finala zuzenean jarraitu ahal izango da bai Hitzetik Hortzera saioan, ETBk emanaldi berezia eskainiko baitu abenduaren 15ean. Horrez gain, Bertsoa.com atarian ere ikusteko aukera egongo da.

Joanito Dorronsoro ikerlariak jantziko dio txapela irabazleari

Norgehiagoka bizia izango da, tentsio uneak biziko dira, barre egiteko bertsoak botako dituzte protagonistek batzuetan eta gai serioak landuko dituzte bestetan. Eta egun osoko jardunaren ostean, epaimahaiak hitz egiten duenean, 2013ko txapela janzteko ordua iritsiko da.

Irabazleak Joanito Dorronsoreren eskutik jantziko du txapela, bertsolaritzaren ikerlari eta aztertzaile aitzindaria da. Ikastolen mugimenduaren sortzaileetarikoa eta euskara lantzeko bertsoa baliapide egokia zela eta hezkuntzan bertsolaritza txertatzeko ahaleginetan saiatu zen lehenengoetarikoa.

Bestelako datuak

BECen egindako aurkezpenean hainbat datu eman dituzte. Beteak beste, 350 laguneko lantaldea arituko dela final egunean dena ongi atera dadin. Ikus-entzuleak lagunduko dituzte saioaren hasieran, bitartean eta amaieran.

Horrez gain, egunerako aldizkari berezia argitaratuko du Bertsozale Elkarteak eta entzule guztiek jasoko dute 24 orriko argitalpena. "Finalari buruz jakin beharrekoak, elkarteari buruzko informazioa eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat proiekturen berri bilduko du aldizkariak".

Horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua ipiniko dute, 3 eta 9 urte bitarteko haurrentzako, eta doako zerbitzua izango den arren, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Gogora ekarri dute gainera, saioak irauten duen bitartean egongo dela zabalik.

Abenduaren 15eko ordutegia

09:00 Bizkaia Arenako ateen irekiera
11:00 Goizeko bertso saioaren hasiera
14:00 Bazkaria. Arratsaldeko saioa hasi arte Bizkaia  Arena hustu egingo da
       - Bazkari txartela dutenek 6. pabiloian bazkalduko dute.
       - Etxekojana ekarri dutenek ere 6. pabiloian izango dituzte mahaiak eta eserlekuak.
16:00 Arratsaldeko saioaren hasiera
20:00-20:30 inguru Sari-emate ekitaldia
20:45 Parte hartzaileen prentsaurrekoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak