Urteko azokarik oparoena

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko abe. 4a, 20:18

Durangoko Azokaren 48. edizioa egingo du Gerediaga Elkarteak, bihartik domekara bitartean –abenduaren 5etik 8ra–. Eskozia izango da aurtengo herrialde gonbidatua; hango kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera ekarriko du gurera. Argizaiola saria, berriz, William A. Douglass antropologo amerikarrak jasoko du abenduaren 6an, (Szenatokian 20:30ean), Euskal diasporaren inguruko ikerketa sakonak eta, orohar, euskal kultura bultzatzen egindako lana eskertzeko.

Hainbat dira aurtengo edizioak ekarriko dituen berrikuntzak, Azokaren izen ofizialaren aldaketa, horien artean: Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izatetik, Durangoko Azoka izatera pasatu da. Izen laburragoa den arren, antolatzaileen esanetan, zabalagoa du orain, esanahia. Era berean, Azokaren eremua inoiz baino hedatuagoa izango da: Landakotik San Agustin Kultur Guneraino zabalduko da, Zugaza zinema aretotik pasata.

Debagoienetik ere uzta oparoa

353 nobedade egongo dira aurten Landako Erakustazokan salgai: 226 liburu, 68 disko, 36 aldizkari, bost bideo eta bestelako 18 material. Asko dira Debagoienetik eramango dituzten lan berriak; horiez gain, aurrez argitaratutako askotariko produktuak eskuratzeko aukera ere izango dugu, Debagoienean dugun kultura sormen oparoaren erakusle.

Sortzaileak bertatik bertara

Azoka saltoki hutsa ez denaren erakusle, aurtengoak, bataz beste, 130 ekitaldi eskainiko ditu: aurkezpenak, emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira. Bailarako sortzaileek ere leku zabala dute egitarauan; hemen egunez-egun, hitzordu nagusienak zehaztuta.

Ruper Ordorikak zabaldu zuen, egubakoitzean, Plateruena guneko eskaintza. Bihar, eguena, abenduaren 5ean, Ikasleen egunean, berriz, Malenkonia, Oñatiko musika taldeak, udan kaleratutako Homo Homini Lupus diskoarekin irekiko du Ahotsenea, 12:00etan. Musikazuzenean standean izango da lana salgai.

Arratsaldeko 16:30ean eta Areto Nagusian, berriz, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Consejos de guerra contra el clero vasco (1936-1944): la iglesia vasca vencida liburua aurkeztuko du; Julia Monje, elkarteko kidea, eta Anxo Fereiro Currás idazlea izango dira. Kultura elkartearen standean izango da salgai, besteak beste, aurten kaleratu duten Bergara 1936, gerra eta errepresioa dokumentalarekin batera.

Egubakoitzean, abenduaren  6an, berriz, Manex Agirre aramaioarrak, beste lagun batzuekin, Hala Bedi. 30 Urte kolpez-kolpe, liburu-CD-DVDa aurkeztuko du, Areto Nagusian, 11:30ean. Gauean, 23:00etan eta Plateruenan, Arrasateko Arkada Social taldeak, Hil orduko bizi diskoa oinarri hartuta, kontzertua egingo du Iheskide taldearekin osatuz emanaldiko kartela.

Zapatuan, Azokaren ekuadorrean, abenduaren 7an, Jon Ander Ramos historialari arrasatearra hirugarren gunean izango da (14:30), Berrizko baserriak liburuarekin; ondoren, besteak beste, Aramaioko Txipi Omaetxeak hartuko du lekukoa areto berean, Eusebio Osa: belaunaldi baten lekukoa lana aurkezteko. Segidan, Kabi@ gunean, 16:00etan, Tabu Hitzaldiak ekitaldian, Marijo Deogracias, Antzuolako kazetaria, izango da, besteak beste. Eguneko hitzorduen zerrenda osatzeko aipatu behar, Emon bergararrek Konfeti Kolore lana eramango dutela 14:30ean Ahotseneara; eta Mireia Gabilondoren Amaren Eskuak filma erakutsiko dutela, Zugaza zinema aretoko Irudienea gunean, 18:00etatik aurrera.

Abenduaren 8ko, azkeneko eguneko, egitaraua gainbegiratuta, hona hemen beste hainbat: Hemen poesia liburua eramango du Maite Toledok Elkar banatzailearen erakustokitik Ahotseneara (13:00); Saguganbaran izango dira Txatxilipurdikoak, Afrikaren bidaia txotxongilo emanaldiarekin (15:00), eta segidan, txotxongilo tailerra egingo dute toki berean.

Aipatutakoez gainera, musikarekin lotutako beste bi proposamen ere badira, biak ala biak, 15:30ean: Akelarre diskoarekin Arrasateko Los Galerna taldea Ahotsenean izango da eta Irudienean erakutsiko dute berriz, Bergarako Belceblues taldearen Road to Memphis dokumentala, sortzaileak ere han izango dira, zinema aretoko pantailan ikusitakoak, ikusleekin partekatzeko gero.

Debagoieneko saltokiak

  • INTXORTA 1937 Kultura Elkartea: Memoria berreskuratzeko elkartea.
  • MAUKA MUSIKAGINTZA: Arrasateko musika ekoizlea.
  • TALKA-GOSE: Arrasatekoak, Esne Beltza, Oreka TX eta Fermin Muguruzarekin.
  • BADIHARDUGU: Deba bailarako euskara elkarteak.
  • J. K. IRIZAR: Oñatiarrak ekoiztutako lanak.
  • EFARANTZAZU:  Elizako liburu eta diskoak.
  • MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Askotariko hezkuntza argitalpenak.

Azokako guneak

Zortzi dira aurtengo Durangoko Azokak izango dituen guneaak. Honakoak:

  • Azoka (1): Kulturen plaza da; askotariko 238 saltoki izango dira aurten.
  • Kabia@ (2): Kultura digitalaren plaza da; azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea.
  • Areto Nagusia (3): Hitzaren plaza da; euskal kulturaren zabalkunderako gunea. Batez ere liburuak aurkeztuko dituzte han.
  • Saguganbara (4): Txiki eta handien plaza da; familia osoari eskainitako espazioa. Landako plazako Elkartegian dago.
  • Plateruena (5): Kontzertu handien plaza da eta, mokaduren bat ahoratuz, sortzaile eta bisitarien topaleku ere bai.
  • Ahotsenea (6): Sortzaileen plaza da eta bi espazio izango ditu: batean, autoreek euren lanari buruz berba egingo dute; eta bestean, zuzenean aurkeztuko dituzte musikariek lanak. Landako erakustazokaren eta Montevideo kalearen artean kokatutako karpa.
  • Irudienea (7): Ikus-entzunezkoen plaza da. Euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa, aurten Landakotik Zugaza zinema aretora eraman dute; hori horrela, aretoak 100 ikuslerentzako lekua izango du.
  • Szenatokia (8): Arte eszenikoen plaza da, hau da, euskarazko antzerkigintzaren eremua. San Agustin kalean dago kokatuta; antzerki lanekin gozatu eta artistak bertatik bertara ezagutzeko gune paregabea da.

Aipatutakoez gainera, Azoka telebistaren gunea ere izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak