Lurraldebuseko ibilbide luzeko autobusek beti izango dute prest gurpildun aulkian doazenentzako leku bat

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 4a, 13:45

Autobus mota hauetan orain arte aurrez deitu behar izaten zen leku hori egokitzeko, baina aurrerantzean beti egongo da gertu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraitzen du autobus zerbitzua hobetzeko eta herritarren beharretara egokitzeko. Aldunditik diotenez, Lurraldebuseko autobus guztiak egokituta daude gurpildun aulkian doazenentzat edo mugikortasun arazoak dituztenentzat, baina ibilbide luzeko autobusen kasuan –plataforma altuko autobusak– ez zuten berez gune bat beti prest, eta ondorioz, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek bidaia egin bezperan deitu behar zuten eta autobusa egokitu egiten zen gurpildun aulkian doan pertsonarentzat, lau eserleku arrunt kenduta.

Aurrerantzean, ordea, Pesa eta La Guipuzcoanako autobus horiek –ibilbide luzeak egiten dituztenak– beti eramango dute prest mugikortasun urria duen pertsonarentzat gune bat gutxienez. Era horretan, pertsona horiek ez dute arazorik izango programatu gabeko bidaiak egin ahal izateko.

Deitzen jarraitzeko eskatzen dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala ere, eskatu nahi die autobus mota hauetan bidaiak egiten dituzten eta mugikortasun mugatua duten pertsonei, bidaia aurreikusita duenean, zerbitzu horietara deitzen jarrai dezatela. Hartara, jada aurreikusita dagoen bidaiari horrentzat prest dagoen lekua gordetzeaz gain, beste leku bat prestatuko dute –beste lau eserleku arrunt kenduta–, mugikortasun urria duen beste erabiltzaile bat iristen baldin bada, lekurik gabe gera ez dadin.

Azpimarratzekoa da aipatutako autobus horiek orain arte 71 eserleku arrunt izan dituztela; aurrerantzean 67 izango dituzte, eta bi gurpildun aulkirentzat lekua gordetzerakoan 63 eserleku arrunt. 

Aldaketa honekin Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun arazoak dituzten kolektibo batzuek egindako eskaerak aintzat hartu ditu eta espero du honek haien eguneroko mugikortasunean oztopoak gutxitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak