Fabrika atzera ere zabalduko duten esperantza ekarri du 'Martxa Urdina'k

Ubane Madera 2013ko abe. 4a, 12:47

Aurreikusitakoa baino ordubete lehenago iritsi da Basauritik atzo atera zen 'Martxa Urdina', Edesako langileena. Une honetan (11:40) Meatzerreka elkarte gastronomikoan daude, Fagorreko Debagoieneko lankideen berotasuna jasotzen, hamarretako epel modura. Eta laster hartuko dute guztiek batera, Olandixorako bidea, Mondragon Taldearen egoitza aurrean protesta egiteko. Han zain dituzte Fagor Etxetresnetako langile gehiago.

Joseba Lopategik, Edesako langileen ordezkariak, esandakoaren arabera fabrika atzera ere zabaltzea "zaila" den arren, hasieratik dute hori gauzatuko den esperantza: "Uste dut irekiko dugula. Hasieratik dago jendea horretarako lanean eta jakin badakigu Edesak aurrera egin dezakeela, bideragarria delako. Beraz, gure esperantza da ea norbaitek laguntzen digun zeregin horretan".

Horrekin batera, politikariendako zein Mondragon Taldeko arduradunendako mezuak helarazi gura izan ditu Edesako langileak.

Bulego lana, elkarrekin

Politikariei dagokienez, eskatu die "bulego lana" egin dezatela: "Garitanok, Bilbaok zein Eusko Jaurlaritzak, denek batera jardun dezatela eta ez daitezela ibili elkarri harrika. Lan egin dezatela fabrika irekitzeko, ez botoak lortzeko bakarrik".

MCCk du giltza

Eta Mondragon Taldeko agintariei dagokienez, azpimarratu gura izan du "lehen pausoa eman behar duena MCC bera" dela. "Eurek esan zuten bideragarriak diren negozioak aurrera eramango zituztela. Badakigu Fagorren guk egin genuela gestio txarra, baina orain eurek dute giltza fabrika aurrera ateratzeko, eta Kontseilu Orokorraren lana da hori egitea. Langileak eta politikariak atzetik joango gara".

'Martxa Urdina', Kanpantzartik atera denean.

Arrasatera bidean; Kanpantzarreraino igo dira Fagor Etxetresnetako hainbat langile, kamiseta gorriekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak