Hirugarren Toberarako entseguetan murgilduta

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko abe. 3a, 13:42

"Oso Tobera bergararra izango da aurtengoa", azaldu digu Iraitz Agirre Bagarako kideak. Bergarako auzotarrak izango dira akusazioaren protagonista nagusiak, nahiz eta ez diren akusazioko lekuko bakarrak izango, laguntzaile izango dituzte beste zenbait herritako lekukoak ere. "Akusazio orokorra izango da azalkeria, itxurak eta bergararren zelabaiteko dotoreziaren ideia orokor hori". Entseguetan murgilduta dabiltza, Toberari behin betiko forma eman eta hilaren 28an Udal pilotalekuan aurkezteko.

Duela hiru urte ekin zion Bagarak Debagoieneko Tobera antzerki satirikoa antolatzeari eta bailarako herri handienen trilogia itxiko du aurtengoak; izan ere, Arrasate eta Oñati epaitu ostean, aurten Bergara epaituko dute.

Epaiketa horretan epaile lanak egiten ibiliko da hirugarren urtez Mikel Irizar, Don Prudentzio Piper Hautsaren paperean. Bergarako zenbait auzotako ordezkariak eta inguruko zenbait herritako lekukoak izango dira Bergarako herriari azalkeria leporatuko diotenak eta akusazioaren fiskala Jon Olivares osintxuarra izango da, Jon Martir fiskalaren paperean. Bergara defendatuko duen abokatua, berriz, Ane Zabala izango da Aupa Miren Etxebesteren paperean.

Eta horretan guztian parte hartuko dute 30 antzezle baino gehiagok. Tartean egongo dira joskinak, konkistatzaileak, gazteen ordezkariak, auzotarrak, inguruko herrietakoak edota pertsonaia historiko garrantzitsuak.

Hilabete honetan hartuko du behin betiko forma Toberak, eta horretarako, parte-hartzaileak azken entseguetan murgilduta dabiltza. Hilaren 28an, Inuxente Egunean, eskainiko dute antzerki satirikoa Bergarako Udal pilotalekuan eta bergararrak eta bailarako beste herrietako pertsonak ere animatu dituzte ikustera joateko.

Bitartean, epaileak lan handia izango du jasotako dokumentazio guztia aztertzen, hilaren 28an eman beharko duen epaia Debagoieneko interesen aldeko epaia izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak