Bertan eta bertakoa

Irati Goitia 2013ko abe. 2a, 16:31

Ugari dira aukerak gurean bertan eta bertakoa erosteko. Sarri asko, baina, kanpora jotzen dugu erosketak egitera. Debagoieneko zortzi merkatari eta ekoizlerekin izan gara euren egoeraren eta gure ohituren gainean berbetan.

Zehazki: Mikel Lizarralderekin, Tere Urtazarekin, Idoia Elexpururekin, Jon Murgiondorekin, Susana Aiastuirekin, Lierni Arregirekin, Joxe Pablo Larrearekin eta Mikel Arregi eta Maialen Madinarekin.

Kalitatea oinarri

"Guregana etortzeko ez dago autoa hartu beharrik", dio Belar Meta arropa dendako Idoia Elexpuruk. Eta gaineratzen du: "Etxeek eurek esaten digute zenbatera saldu behar ditugun produktuak. Beraz, txamarra batek nire dendan edo Gasteizen duen prezioa bera da. Eta komertzio txikiak saiatzen gara, adibidez, produktu bereko ale askorik ez ekartzen, herrian askorik ez dadin ikusi".

"Kalitatea eta esperientzia eskaintzen dugu guk. Urte asko daramatzagu saltzen (15 urte nituela hasi nintzen dendan lanean) eta badakigu bezeroek zer nahi duten. Bestalde, generoa oso ondo aukeratzen dugu", dio barruko arropak saltzen dituen Urtaza dendako Tere Urtazak.

Bergarako Zare fruta dendako Lierni Arregik honakoa diosku: "Bertako fruitu eta barazkiak saltzen ditugu (Elgeta, Bergara, Eibar...). Bertakoa eta kalitatezkoa da gurea. Horretaz gain, gertutasuna ere eskaintzen dugula esango nuke. Azalera handiko dendetan bat gehiago zara; guretzako, ordea, bezeroa zara".

Gorla gainean ere izan gara Joxe Plabo Larrearekin; Urkaiko kooperatibako langilea da: "Label zigilua duten txahalak hazten dira hemen. Prozesu guztia kontrolatzen da, jaiotzetik haragia bezeroaren platerean dagoenera arte. Esaterako, txahalen elikadura naturala ziurtatuta dago. Gainera, sailkapen eta aukeraketa ere egiten da. Onenek bakarrik izaten dute label idenzapena". 

Bezero gazteen falta

"Denetariko bezeroak ditugu, baina bezero gazteak gutxitu egin dira. Izan ere, askok kate handietara jotzen dute. Eskaintza merkeagoa izan ohi da, baina kalitatea ez da bera. Hala ere, guk ere baditugu denetariko prezioak", adierazi digu Urtazak. 

Arregik ere gauza bera esan digu: "Gazteek, batez ere, denda handietara joan eta bertan egiten dute erosketa guztia. Jende nagusia kalera irtetera ohituta dago eta euren eguneroko erosketak denda txikietan egitera. Hala ere, denetariko bezeroak ditugula esango nuke". 

"Zapatu goizetan betiko jendea etortzen da; nagusiki, 50 eta 60 urte bitarteko bezeroak dira. Gazte asko ez dira merkatura etortzen. Beraz, argi dago mugitu egin behar duzula saltzeko. Adibidez, Ekobira egin izan denean plazan, oso ondo saldu izan dugu, baina gero jende hori ez da merkatura etortzen. Beraz, gazte jendea animatu nahiko genuke merkatura etorri eta zer dagoen ikustera", adierazi digute Mikel Arregi eta Maialen Madinak. Orain dela bi urte ekin zioten euren ekoizpenari, gazta eta gazta zaharra egiten dituzte, baita bildotsak saldu ere. Oñatiko merkatuan eta Arantzazun saltzen dituzte gaztak. 

Ildo beretik mintzo da Elexpuru: "Asko gustatuko litzaidake jendea dendara sartu eta zer dagoen ikustera etortzea. Izan ere, askotan ez dakigu beste herrietan (Oñati, Arrasate, Bergara...) ze dagoen, ze produktu saltzen diren edo ze preziotan".

Elkarren beharra 

Leintz Gatzagan dagoen Jakionen baserriko fruta eta barazki kontserbak egiten dituzte. Salmenta toki handietan –Eroskin, esaterako– egiten dute, baina batez ere denda txikietan. "Guretzat funtsezkoa da kalitatezko produktuak saltzen dituzten guneetan egotea eta horiek denda txikiak dira. Horretaz gain, produktuen gaineko informazioa eskaintzen diete dendariek erosleei: nongoa den, nola dagoen egina... Azalera handikoetan ez da horrelakorik gertatzen. Beraz, guretzat oso garrantzitsua da dendari txikiekin dugun elkarlana", diosku Susana Aiastuik, Jakioneko kudeatzaileak.

Murube (Etxezuri) baserriko Jon Murgiondok harreman zuzenaz hitz egin digu. Gazta, esnea eta ogia ekoizten dituzte baserrian. "Inguruko herrietan saltzen dugu. Bezeroengana iristeko horixe da biderik motzena. Gainera, bertako ekoizleei erostean, badakizu ekoizpen horretan eragina izan dezakezula, baita ingurunean ere. Kanpotik datozen produktuetan eragiteko aukera, berriz, oso txikia da", dio.

Larreak ere label haragia saltzen duten harakinekin harreman zuzena dutela esan digu: "Beharrezkoa da; izan ere, eurak dira produktuak kontsumitzaileen aurrean jartzen dituztenak".

Mehatxuak

Internet, merkataritza-etxe handiak eta hiriburuak izan daitezke bertakoentzako mehatxuak."Nik uste dut guri min handien Internetek egiten digula. Hala ere, Internetez eros daitezke bizikletak, baina konponketak egin ez", dio Lizarralde Kirolak dendako Mikel Lizarraldek.

 "Jende askok, batez ere gazteek, kanpora jotzen dute asteburuan. Goizean irten eta eguna pasatzera joaten dira: erosketak egin, zinemara joan, hirian ibilaldi bat egin... Horri aurre egitea zaila da, baina gure eskaintza beste ezaugarri batzuetan oinarritzen da", dio Urtazak.

Argiak itzali

"Denda guztiak ixtean ohartuko litzateke jendea merkataritza gabe herria zer izango litzatekeen", dio Arregik. "Guk herria bizirik mantentzen dugu, zerbait eskaintzen dugu. Denda bat ixtea herriko argi bat itzaltzea da", esan digu, berriz, Elexpuruk.

Sentsibilizazio kanpainak 

Bat etorri dira ekoizle eta dendari guztiak: kanpainak oso ondo daude herria dinamizatzeko eta jendea erakartzeko.

Jakioneko Aiastuik dio, ordea,  kanpainez gain eguneroko lanak izan beharko lukeela jendea sentsibilizatzea: "Geure egunerokoan ibili beharko genuke bertako produktuak erosteak duen garrantzia azpimarratzen".

Krisiaren beste aurpegia

Murgiondok zera esan digu: "Gure sektoreak 25 urte daramatza krisian. Orain, beste arlo batzuetara iritsi denean, agian, balioko du gauzak aldatzeko, kontsumitzeko moldea eraldatzeko, gauzak ezberdin egiteko... Horretarako erabili behar dugu krisia: gaizki dagoena aldatzeko".

Aiastui ere bat dator: "Fagorrekin gertatu denaren ostean konturatu gara zein garrantzitsua den bertako produktuak kontsumitzea. Guri eragiten digun arte, ez gara arduratzen".

Egoera zailen aurrean baikorrak izateko dei egiten du Ugartek: "Egoera honi ere egingo diogu aurre, hori pentsatu behar dugu. Guztiok ikasiko dugu zerbait egoera txar honetatik". 

-----------------

Hainbat sentsibilizazio kanpaina

Debagoienean erosketak egin: Debagoieneko merkatari elkarteek, Mankomunitateak eta Goienak elkarlanean abian jarri duten kanpaina da, jendea erosketak bertan egitera bultzatzeko.

Arrasate denok batera: kartela erakusleihoan duten saltokietan produktu eta zerbitzuek %13ko deskontua, abenduaren 7ra arte.

600 euroko bi txartel: 600 euroko bi txartel zozketatuko ditu Txandak eta irabazleek egun bat izango dute dirua gastatzeko.

Kortesiazko aterkiak: Bedelkarreko elkartekideen saltokietan kortesiazko aterkiak egongo dira bezeroen eskura, abendutik aurrera.

50 eta 100 euroko txartelak: abenduaren 2tik aurrera Aretxarteko saltokietan banatuko dira txartelak, 50 euroko 20 eta 100 euroko bost txartelen zozketan parte hartzeko.

Gabonetako otzarak: Arrasaten 100 otzara zozketatuko dituzte eta Bergaran Gabonetako 15 sorta.

-----------------

Aitziber Lasarguren (Debagoieneko merkataritza dinamizatzeko bulegokoa): "Merkataritzak bizitza sortzen du, hori ez dugu galdu behar"

Zein da merkataritza dinamizatzeko bulegoak egiten duen lana? Bulegoak eskaintzen duen zerbitzua merkatariei eta merkatari elkarteei dago bideratuta. Hein batean, aholkularitza ematen da, euren prestakuntza lantzen da, diru laguntzen informazioa ematen da, merkatariek antolatzen dituzten ekintzak prestatzen laguntzen da eta zerbait tramitatu behar bada lagundu egiten zaie. Merkatari eta instituzioen arteko komunikabide ere izaten gara. Hala, edozein programa edo informazio interesgarri dagoenean merkatariei helarazten diegu.

Zein helbururekin bultzatzen dituzue egitasmoak? Bi dira, nagusiki: merkataritza sektorearen profesionaltasuna handitzea eta sektorearen beraren jarduera ekonomikoa hobetzeko baldintzak sortzea.

Gaur egun nolakoa da Debagoieneko merkataritzaren egoera? Azken urteotan egoera ekonomikoa ez da erraza, orokorrean, eta Debagoiena ez da salbuespena. Azken asteotako albisteek ez dute askorik laguntzen, gainera, eta komunikabideen mezuak askotan nahiko beltzak izaten dira. Dena ez da horren beltza, baina. Merkataritzak bizitza sortzen du herrian eta hori ez dugu galdu behar. Horretan lan egiten jarraituko dugu bulegotik, merkatariek eta elkarteek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak