Debagoiendarrek oso ondo erantzun dute elikagai bilketa berezian

Leire Kortabarria 2013ko abe. 1a, 16:20

Debagoiendarrek gogoz babestu dute Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egubakoitz eta zapatuan egin zuen elikagai bilketa handia. Bailarako saltoki gehienetan zeuden boluntarioak, eta sartzen ziren bezeroei poltsa bana ematen zieten, irteeran elikagaiekin edo behar-beharrezkoak diren produktuekin uzteko gonbidatuz. Kaxa piloa bete dituzte. Bihartik aurrera hasiko dira bailarako arduradunak dena pisatzen eta antolatzen. "Oraindik ezin dugu daturik eman, baina gure inpresioa ona da", esan dute arduradunek.

Egubakoitz arratsaldean eta zapatu goiz eta arratsaldean egin zen elikagaien bilketa handia. Hego Euskal Herriko eta Espainiako elikagaien banku guztiek egin dute.

Bergarako biltegiko arduradun Jose Antonio Agirrebeñak esan digu produktuak oraindik dendetan daudela, eta bihar eramango dituztela Bergarako biltegira dena sailkatzeko eta pisatzeko; baina "inpresio ona" dutela eta "herritarrei eskerrak" ematen dizkietela.

"Une zailetan jendeak erantzun egiten du"

Aretxabaletako ordezkariek ere eskerrak eman dizkiete "boluntario, jende gazte, heldu eta jubilatuei" eta baita, bereziki, Basotxori, Aretxabaletako Udalari, Loramendiri eta Aretxabaletako Eroskiri". Eta horiek datu bat eman dute: estimazio gisa, Aretxabaletan 5.000 kilo baino gehiago elikagai eta bestelako produktu jaso dira: "Bi furgoneta toperaino eta lau turismo" bete dituzte horiek Bergarara eramateko. "Une zailetan bezala, jendeak erantzun egin du", esan dute.

Boluntario aldetik ere, deialdi berezia egin zuen Elikagaien Bankuak, supermerkatuetan egoteko ohi baino jende gehiago behar zelako. Bada, alde horretatik ere erantzuna ezin hobea izan da: "Ohitura ez zeukan jendea ere gertu azaldu da, arazoarekin identifikatu dira, eta aurrerantzean ere Elikagaien Bankuari laguntzeko bere burua eskaini dute", esan du Jose Antonio Agirrebeñak.

Generoa bukatu egin zen

Supermerkatu sarreran zeuden kaxa handietan batzen zituzten boluntarioek bezeroek emandako janariak, eta bistan zen nolako azkar zihoazen haiek betetzen; hala, supermerkatu batzuk genero barik geratu ziren egubakoitz iluntzean eta zapatu arratsaldean. Kontuan hartu behar da ez zuela edozein produktuk balio: janari galkorrak, agudo alperrik galtzen zirenak ezin zituzten hartu, janariok oraindik biltegian egon behar dutelako denbora baten. Bezeroak bankuari emateko erosten zihoazen eran, supermerkatuek gehiago ipini behar izan dituzte une batzuetan.

Jende gehienak boluntarioek emandako poltsak erabili dituzte euren ekarpena egiteko, baina Arrasateko hipermerkatura joan zen bikote batek karrotxoa goraino beteta utzi zuen Elikagaien Bankurako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak