Zarautz eta Oñati abesbatzek, Zarauzko Musika Bandak eta Zarauzko 'Gabota' dantza eskolako ikasleek, guztiek batera eskaini dute gaur, zapatua, Aita Madina oñatiar konposatzailearen 'Arantzazu' poema sinfonikoa. Non eta Arantzazuko Santutegian, Aita Patxi Madinak Arantzazu omentzeko idatzi baitzuen 1956an poema sinfoniko hau. Kontzertu polita eskaini dute; tamainakoa eta ongi gauzatutakoa. Poema bera ere ederra da, entzuteko erraza eta oso zuzena; poema osatzen duten 12 piezatako bakoitzak bikain irudikatzen du gura duen hori.
Kontzertuaren abiapuntua, baina, ez da Aita Madina bera, Inazio Eizmendi Manterola Basarri zarauzko bertsolari ezaguna baizik. Haren jaiotzaren mendeurrenean, Zarauzko abesbatzak hura omendu gura izan du eta hortik gaurko kontzertua. Hain zuzen ere, Basarrik oso gustuko zuen Arantzazu, bertan pasatzen baitzuen urtero urtero oporraldia. Hori horrela, Zarauzko Abesbatzak pentsatu zuen modu polita litzatekeela Basarri modu honetan gogoratzea. Zarauzko eta Oñatiko abesbatzek, Zarauzko Bandak eta Zarauzko Gabota dantza eskolak, kontzertua baino, ikuskizuna eskaini dute. Ikusleek txaloz saritu dute talde osoaren lana.