Euskararen Ginkanan izena emanda 3.000 euro irabazteko aukera edukitzeko azken egunak

Julen Iriondo 2013ko aza. 29a, 18:54

Abenduaren 3an amaitzen da Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana lehiaketan izena emateko epea. Hizkuntza aniztasuna izango da aurtengo gaia, eta euskararekin lotuta lan egiten duten edo proiekturen bat duten taldeek har dezakete parte. Apuntatzen direnek Internet bidezko probak egin beharko dituzte aurrena, eta lau talde onenek Donostian jokatuko dute finala urtarrilaren 25ean.

Webgune bat, proiektu komunikatibo bat, aisialdi taldea, euskaltegia, erabilera sustatzeko egitasmo bat... Guztiak dira euskararen aldeko lanean ezinbestekoak, eta hori saritu nahi du aurtengo  Euskararen Ginkanak.

Abenduaren 3an hasiko da Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatu duen lehiaketa. Taldeek, egun horretara arte izango dute izena emateko aukera. Sei astez, astero Internet bidezko proba bat erantzun beharko da, eta horietan puntuazio altuena lortzen duten 4 taldeak pasako dira Donostiako San Telmo Museoan urtarrilaren 25ean jokatuko den finalera.

Hizkuntza aniztasuna izango da aurtengo gaia eta, beraz, gainditu beharreko probak eta galderak munduko zein Euskal Herriko hizkuntza aniztasunari lotuak izango dira. Elkarrekin ongi pasa eta bide batez hizkuntzei buruz ikasteko proba errazak izango dira.

Izena ematea datorren asteartean, abenduaren 3an, amaituko da. 4-6 laguneko taldea osatu eta webguneko formularioa betetzea da lehen pausua. Ondoren, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. Urtarrilaren 9ra arteko epea egongo da bideoak igotzeko.

Lehiaketaren irabazleek 3.000 euroko saria eskuratuko dute, euskararekin lotutako euren proiekturako. Informazio gehiagorako: www.euskararenginkana.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak