Mikel Irizar: "Ondo antolatuz gero, gai ginateke erdarazko hedabideek ateratzen diguten koska jateko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 30a, 01:00

TOKIKOM elkartearen gogoetatik abiatuta, euskarazko komunikazio esparru sendo baten beharraz jardun dute asteon Aretxabaletako Campusean. Mikel Irizar presidenteak (Ormaiztegi, 1954) ondorio moduan irudikatu duten Euskal Hedabideen Etxearen gaineko hainbat gako eman dizkigu.

Hasteko, pozik geratu zineten martitzeneko mintegiarekin?

Gustura geratu ginen, formatu berritzailea probatu genuen eta ondo funtzionatu zuen. Parte hartze kualifikatua izan zen eta azken zatian aukera izan genuen bertaratu zirenekin iritziak trukatzeko. Oso pozik, beraz.

Zeintzuk izan ziren jardunaldiaren helburuak? Bete al ziren?

Bai, mintegian nagusiki nahi genuen aurkeztu TOKIKOMen gogoeta prozesuak eman duen dokumentua. Urte eta erdiz aritu gara lanean, hainbat txosten idatzi eta ikerketa burutu dira, eta horren sintesia egin dugu amaieran. Sintesia eta txostenak jasotzen dira dokumentuan.

Euskal Hedabideen Etxea irudikatu duzue. Zer da?

Gogoeta hasi zen TOKIKOMen beharretarako, batez ere toki komunikabideen integrazioa aztertzeko. Baina aurrera egin ahala, ohartu ginen marko osoa irudikatu behar genuela, posible zela euskal hedabideen sistema osoa imajinatzea. Eta irudi horrek etxe baten forma hartu zuen. Orain arte txabola izan gara euskal komunikabideok; alegia, nor bere aldetik eraikitakoak. Orain etxe bateko apartamentuetan koka gaitezke, nahi bezain autonomo baina elkarrekin, hainbat gastu partekatzeko eta lankidetzaren onurak jasotzeko. Kalkulatu dugu mila profesionaletik gora ariko ginatekeela lanean etxe horretan; hau da, Euskal Herrian inork antola lezakeen komunikazio talderik handiena. Beraz, zenbakietan ez dugu aitzakiarik nagusi ez izateko.

Eta zein zeregin dugu tokiko hedabideok etxe horretan?

Bi solairuko etxe horretan, toki komunikabideoi dagokigu beheko solairua, gertuko informazioarena. Hor eskualdeka bateratzen bagara multimedian eta eskualde guztiak saretzen baditugu, euskararen lurralde osorako sarea sortuko genuke, hiperlokala eta goiko solairuarekin ondo konektatuta. Horretan ari gara, plataforma digital bat garatu eta eskualdekako agerkariak bultzatzen. Debagoienean ere laster atzemango duzue.

Hedabide handien sinesgarritasuna zalantzan ei dago. Tokiko hedabideena ere bai?

MUn eta IKOn egin duten ikerketa batean nabarmendu da toki komunikabideek sinesgarritasun handiagoa dutela gazteen artean orokorrek baino. Arrazoia oso pisuzkoa da: gezurra esaten badute, erraza da harrapatzea. Gainera, ez dituzte interes talde handien menpe ikusten. Hor badugu aldeko puntu bat.

Zenbateraino da garrantzitsua euskarazko tokiko hedabideen presentzia euskararen normalizazioan?

Toki komunikabide gehienak sortu ziren euskara elkarteetatik, euskararen normalizazioan eragiteko. Eta irismen handia dute, askotan dira etxe batean sartzen den euskal hedabide bakarra. Hori oso garrantzitsua da. Baina, gainera, gure gogoetan jaso dugu beste datu esanguratsu bat, MUko eta IKOko doktore-tesi batetik: Gipuzkoan gazteen artean ikus-entzunezkoen kontsumoa euskaraz baldin bada %14koa, Debagoienean da %39koa, Goierrin %31koa, Urola-Kostan %26koa eta Debabarrenean %21ekoa, hau da, batez bestekoaren oso gainetik. Eta justu eskualde horietan daude garatuen toki komunikabideak. Beraz, toki komunikabideak garatzen diren heinean gazteak erakartzen dira euskarazko kontsumora. Ondorio hau oso garrantzitsua da guretzat.

Tokiko hedabideen artean, zeintzuk dira hobetu beharreko aspektuak?

Gogoetarako egin dugun landa-lanean datu batuak oso handiak dira. Esaterako, tokiko aldizkarien ekoizpenak emango luke egunero 70 orrialdeko egunkari bat egiteko. Edo 270 langile edo 400.000 irakurle, ez da broma. Kontua da sakabanatuta gaudela eta ez dela tamaina hori ikusten. Hain zuzen, horretarako sortu zen TOKIKOM, hori guztia artikulatzeko eta horrela eraginkortasuna eta solaskidetza irabazteko. Hori da hobetu beharrekoa, neurrian optimizatzea eta sarean biltzea.

Zergatik da elkarlana horren garrantzitsua?

Euskal hedabideok badugu interes komun bat bakoitzaren interes partikular eta zilegien gainetik, eta hori da euskara. Euskara aukera bihurtu behar dugu eta lankidetza eraiki, indar erantsia ematen digulako beste hizkuntzetakoen aldean. Teknologia ere lagun dugu, gero eta eskuragarriagoak dira lankidetzarako tresnak. Eta modu eraginkorrean antolatzen bagara, gai ginateke erdarazko hedabideek ateratzen diguten koska jateko eta berdintzeko. Elkarrekin posible da.

Finantzazioa. Zer esan gura du Deialditik hitzarmenera leloak?

Orain arte deialdien eredua erabili da batez ere Aldundiekin eta Jaurlaritzarekin, Udalekin hitzarmena gehiago. Urtez urteko deialdien sistema oso nekosoa da, lan asko eskatzen die bi aldeei eta urte batetik bestera desagertu egin daiteke. Hitzarmenak eskatzen du adostasuna eraikitzea bi aldeen artean eta adostasun horren ondorioz dator dirua. Horregatik eredu sendoagoa da. Martitzenean Jaurlaritzako Baztarrika sailburuordeak iragarri zuen eredu hori landu bitartean urte askorako deialdien formula aztertzen ari direla 2015ean erabiltzeko. Oso albiste ona da hori.

Euskal hedabideek neurketa sistema behar dutela diozu. Zergatik?

Oso informazio gutxi eta eskasa daukagu gure lanaren ondorioez. Erdarazko neurketetan sartzen gaituzte, baina kontuan izan gabe gure unibertsoa txikiagoa dela erdarazkoena baino, balizko kontsumitzaile gutxiago ditugulako. Emaitza horien gainean ezin da erabaki ganorazkorik hartu produktuak berritzeko orduan edo estrategia bat definitzerakoan. Datu zorrotzak eta ugariak behar ditugu erabaki onak hartzeko. Eta horretarako aztertu dugu Euskal Hedabideen Behatokiaren aukera. Ideia hau denon ahotan dabil, baina sakontzeko ordua etorri da. Horretarako Hekimen elkarteak sortu du lantalde bat, EHUrekin eta MUrekin, eta haien lehen zirriborroa txertatu dugu gogoetan. Neurtzetik hasi eta ikerketan jarraitzen badu, behatoki hori bihur daiteke denborarekin euskal hedabideen autoritate. 

Zein da Goiena Komunikazio Taldearen lekua Euskal Hedabideen Etxe horretan?

Goiena paper oso garrantzitsua ari da jokatzen toki komunikabideen artikulazioan. Berez, eredu garatuena da eta ezinbesteko erreferentzia, bai bere egitura juridikoan, bai produktuetan, teknologian edo antolamenduan. Baina ez da mugatu eredu izatera eta eragile oso aktiboa izaten ari da toki komunikabideen eraldaketan. Indartsua delako gai batzuetan ekimena hartzen du, baina beti guztion esku jarrita, guztion mesederako. TOKIKOMek asko dauka eskertzeko Goienari. Eta etorkizuneko euskal hedabideen etxean Goiena izango da beheko solairuko bizilagun oso estimatua, goiko solairuan ere eroso mugituko dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak