"Txus nahiko ondo dago osasunez: argal, ibiltzea kostatzen zaio, hitz egitea ere bai, baina konstanteak ondo ditu"

Julen Iriondo 2013ko aza. 28a, 22:47

Txus Goikoetxea preso arrasatearraren bikotekide Onintza Lopez de Munainen hitzak dira. Sevilla II espetxean gose greban jarraitzen zuten sei presoek atzo utzi zuten baraua –31 egun egin dituzte–. Baina haientzako bizi baldintza duinak lortzeko protestek jarraitu egiten dute kanpoan.

Eguen iluntzean Arrasaten egindako manifestazioaren ostean Lopez de Munainek esandakoaren arabera sentipen "gazi-gozoa" dute Sevilla II espetxeko presoek. Euren eskariak beteta ikustea lortu ez dutelako penaz, baina "oso pozik" herritarrek euren borrokari emandako babesagatik.

Goikoetxearen bikotekideak zioen "osasunez txarto" egoteagatik utzi dutela presoek gose greba. Dena dela, Goikoetxearen gainean zehazki, zioen bere bikotekidea nahikoa ondo dagoela: "Kilo asko galdu ditu, argal dago, ahul; ibiltzea kostatzen zaio, hitz egitea ere bai, baina konstanteak ondo ditu: ea orain errekuperazio duin bat izan dezaketen". Lopez de Munainen arabera beldur dira presoek borroka utzita espetxeko funtzionarioak ez ote diren haziko.

Espainiako Gobernuari kritika ere bai, Sevilla II espetxeko egoeraren aurrean agertu duen jarreragatik: "Legea betetzeaz ari gara, ez dugu eskatzen legetik kanpo dagoen ezer".

Atzo arratsaldean Arrasaten egindako manifestazioa izan zen Txus Goikoetxearen eta bere kideen egoera salatzeko egindako ekintzen adibide bat eta domekan Donostian izango da beste bat, manifestazioa hau ere, 12:30ean Boulevardetik abiatuta. Arrasatetik autobusa egongo da bertara. Parte-hartzeko deia egin dute, “oso garrantzitsua” dela esanez. Izan ere, hilabete eta gero presoek gose greba amaitu duten arren bizi baldintza duinak lortzeko, borrokak jarraitu egin behar duela zioten, are gehiago, dispertsioarekin bukatu eta presoak Euskal Herrira ekarri arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak