EPPK: "Egoera aldatu arte kanpoan eragiten jarraitu behar dugu"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 28a, 17:56

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak prentsa oharra helarazi du Sevilla IIko borrokaldiaren harira. Sevillako egoera ez dela atzo goizekoa dio, eta egoera "jasanezina" zaielarik sartu direla borrokan, "oinarrizko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak lortzeko". Momentuz egoera konpontzeko modurik izan ez bada ere, konponbiderako atea irekia dago, EPPK-tik diotenez. Borrokaldiarekiko elkartasuna adierazteko egin diren ekimen eta salaketa oro "bihotzez eskertu" du EPPK-k, Sevillako kideen izenean, eta egoera aldatu arte kanpoan eragiten jarraitzeko deialdia egin du. Albiste barruan, prentsa oharra, osorik.

Sevillatik Euskal Herrira izenburupean kaleratu duten prentsa oharra, osorik:

"Urriaren 28an Espainiako Sevilla II espetxean deportaturik aurkitzen diren EPPKren kideak gose greba mugababean abiatu ziren bertan bizi duten egoera larriari aurre egiteko. EPPK-ak 13 kideoi babes osoa erakustearekin batera, euskal jendarteari jakinarazten dio azaroaren 28an gose greba amaitutzat eman dutela.

Sevillako egoera ez da atzo goizekoa. Espetxeko isolamenduan kokatzea ez ezik, zigor errejimen iraunkorra aplikatzen baitiete. Patiorduetan elkarrekin atera beharrean bananduta irtetea behartzen dituzte, etengabeko miaketak jasan behar dituzte eta osasun eskubidea ez zaie bermatzen. Honi, funtzionario talde baten jazarpena bereziki oldarkorra dela gehitu behar zaio.

Egoera jasanezina zaielarik sartu dira borrokan hain zuzen ere, oinarrizko eta gutxieneko bizibaldintza duinak lortzeko. Beste preso batzuek ere borrokaldian parte hartu dute haiei ere eragiten dielako egoerak. Isolamendutik irtetea lehentasuna da, kidego guztiarekin gero Euskal Herrirako bidean jartzeko.

Espetxealdi luzea daramaten kideak ditugu Sevillan, eskarmentu handikoak. Momentuz egoera konpontzeko modurik izan ez bada ere, konponbiderako atea irekia dago, espetxe zuzendaritzatik orain arte mantendu den jokabide arduragabe eta zekena aldatuz gero: espetxe Zuzendari Rafael Durban Herrero eta Jose Luis Castejon Gonzalez Zuzendari ordeak izan dutena esaterako.

Kideek burutu duten protestaldiak egoeraren larritasuna ezagutaraztea ahalbidetu du. Beste espetxetan elkartasun ekimenak burutzeaz gain, kalean eta instituziotan oiartzuna eta ardura zabaltzea lortu da. Orain, herriarekin batera jarraituko dugu egoerari aurre egiten, konponbide bati begira presioa arindu eta beste molde batez ekinez.

Borrokaldiarekiko elkartasuna adierazteko egin diren ekimen eta salaketa oro bihotzez eskertzen du EPPK-ak Sevillako kideon izenean. Aldi berean, egoera aldatu arte kanpoan eragiten jarraitzeko deialdia egiten dugu.

Horrelako egoerak gehiago ez gertatzeko dagozkigun oinarrizko eskubideak errespeta daitezen aldarrikatzen dugu. Sakabanaketarekin amaitzea, deportazio espetxetatik Euskal Herriratzea ezinbesteko eta lehentasuneko urratsa da.

Isolamendurik ez! Euskal presoak Euskal Herrira orain!

Amnistia-autodeterminazioa!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak