Ekarpenen arazoari irtenbidea emateko fondo eskean

Ubane Madera 2013ko aza. 26a, 12:57

Horixe da, besteak beste, gaur arratsaldean (martitzena) Ordainduko kideek Legebiltzarrari eskatuko diotena: Mondragon Taldeari eska diezaioten hark fondo bat sortu dezan ekarpenen arazoari irtenbidea emateko. Horrekin batera, beste bi eskaera ere egingo dituzte: Legebiltzarrak erresoluzio bat atera dezan Ordaindukoen kausa babesteko. Eta banakako hartzekodun diren neurrian, Legebiltzarrak euren alde egin dezaten administratzaile konkurtsalen aurrean, "ordena egoki batean jar gaitzaten guk ere kobratu dezagun". Bihar, berriz, Mondragon Taldeko zuzendari Txema Gisasolarekin batzartuko dira, 16:00etan.

Labur esanda, beraz, Ordainduko ordezkariek euren egoeraren berri emango diete gaur legebiltzarkideei, Fagor Etxetresnetan merkataritzako maileguak eta ekarpen boluntarioak dituztenen egoera, hain zuzen ere. "Azaldu behar diegu ze produktu daukagun, gu aurreratzaileak garela, gure egoera ez dela bazkide soilena… izan ere, guk Fagorren sartuta daukaguna diru pribatua da. Enpresarekiko hitzarmen baten arabera sartutakoa. Guk guri ezarritako baldintzak bete egin ditugu, eta eurek ez. Adibidez, baldintzetako bat da borondatezko ekarpena eskatuz gero, hilabetean bueltatu egin behar zituztela, eta hori ez dute bete", jakinarazi du Mikel Olabek, Ordaindu Plataformako ordezkariak.

Ordainduko ordezkariek Legebiltzarrean hau guzti hau azaltzen duten bitartean, haiek babestera doazen gainontzeko kideek agerraldia egingo dute Legebiltzarraren kanpoko aldean, 16:00etatik 17:30ak bitartean.

Mondragon Taldeko presidentearekin

Bestalde, iragarri dute bihar Txema Gisasolarekin, Mondragon Taldeko Kontseilu Orokorreko presidentearekin batzartu behar direla, 16:00etan. “Exijituko diogun gauzetako bat da fondoa sortzea. Baina hortik aurrera, gu gertu gaude edozein irtenbide imaginatibo onartzeko”, adierazi du Mikel Olabek.

Eta horrekin guztiarekin batera, Olabek gogora ekarri du eguenero moduan, etzi elkarretaratzea egingo dutela, Garibain, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak