Mondragon Taldeko Industrias Tajok konkurtso aurrekoa aurkeztu du

Ubane Madera 2013ko aza. 25a, 17:14

Taldearen arabera, gaur aurkeztu du konkurtso aurrekoa Donostiako auzitegian, "lerro zuriko hartzekodunekin duen zorra negoziatzeko helburuarekin, Fagor Etxetresnen jarduerari lotuta. Prozesua abiaraztearen helburua kooperatibaren etorkizuna bermatzea da, Industrias Tajo automobilgintza sektorerako sistemen hornitzaile globala baita". Gurean 113 laguni ematen die lan Industrias Tajok. Mondragon Taldearen helburua da kalean gelditu diren langileen "%100ari irtenbidea" ematea.

Taldetik jakinarazitakoaren arabera, Indsutrias Tajok "2012an jada egin zuen lerro zuriaren lehen berregituraketa, jarduera hori Euskaditik desagertuko zela iritzita, eta %100 automobilgintzara bideratzea erabaki zuen, 2013-0216 aldi estrategikoko salmentekin bolumen hura ordezteko".

%100ei irtenbidea eman gura

Lanpostuei dagokienez, 113 langile ditu Industrias Tajok, eta "horietatik heren bat lerro zurirako lan egiten zuten eta jada berregituratzeko prozesuan hasita zeuden. Orain dela gutxi Fagor Etxetresnak gelditu ondoren, kooperatibak dagoeneko sekzio horretako 37 pertsonetatik 15 birkokatu ditu Korporazioaren beste kooperatiba batzuetan. Eta gainerakoentzat ekintza plan bat diseinatu da, kaltetutakoen %100ei irtenbidea emateko helburuarekin".

Nazioartean: Txekian eta Polonian

2006az geroztik Txekiar Errepublikan eta Polonian filialak ditu Industrias Tajok. "Txekiar Errepublikari dagokionez, bere jarduera automobilgintzara zuzenduta dago erabat, eta Poloniako filial produktiboak, berriz, bi kokapen ditu: batek Fagor Mastercookentzat egiten zuen lan guztia, eta besteak gainerako bezeroentzat"; hala, Poloniako filialak "normaltasunez jarraitzen du lantegiko jardueran, eta, hazteko ahalmena mantentzen duelarik, Fagor Mastercooken galera estaliko duelakoan" daude Mondragon Taldean.

50 urte bete ditu aurten Industrias Tajok, eta nazioarte mailan 300 langile baino gehiago ditu. 2012an 36 milioi euroko salmenta bateratuak lortu zituen, %65 nazioarteko salmentetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak