Eraso sexisten aurkako oihua ozen entzungo da gaurko egunez

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 25a, 09:40

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, astelehena. Eta azken urteetan bezalaxe, aurten ere elkarretaratzea deitu dute, bai Eskoriatzan eta baita Aretxabaletan ere. Aurreneko kasuan 18:00etan izango da, Fernando Eskoriatza plazan; Aretxabaletan, ostera, 19:00etan elkartuko dira, Herriko Plazan. Ostean, Hika teatro taldeak 'Hitzak' antzezlana eskainiko du Arkupen.

Eskoriatzan urrian mozio bat onartu zuten eta bertan, besteak beste, herritar guztiei gonbita egin zieten, "bereziki herriko neska-mutil gazteei", azaroaren 25a dela eta antolatutako ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.

Mozioan, gainera, zenbait puntu jasotzen ziren, tartean, azken urteetan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanetan aldaketak eman diren arren, oraindik gizartean sustraitutako desberdintasunetan oinarritzen direla ekartzen zuen gogora. "Ematen diren erasoak horren daude normalizatuta, neska gazteek nekez antzeman ditzaketela". Indarkeria motak agerian uztea funtsezkoa ikusten dute, baita hezkuntza afektibo-sexuala izatea, gazteek errespetuan eta berdintasunean oinarritutako sexualitatea garatu dezaten.

Batzar berezia Aretxabaletan

Bestalde, Aretxabaletako udalbatzak batzar berezia egingo du gaur, astelehena. Bertan, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du egunaren harira. Besten artean, Aretxabaletako Udalak hartutako hainbat konpromiso aipatzen dira; esaterako: berdintasun politikak garatzeko baliabideak urtetik urtera indartzea; jai-giroko erritu sinbolikoetan eta eremu soziokulturaletan emakumeen parte hartzea sustatzeko; emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea edo indartzea.

'Hitzak' eta berbaldia

Gaur Aretxabaletan arituko da Hika teatro taldea eta Hitzak antzezlana eskainiko du 19:30ean hasita Zaraian Hiru emakume eta gizonezko bat. Hitzez hitz, zorionetik zorigaitzera igaroz, eta hortik zoramenera. "Hitz zaurigarriez, hitz iraingarriez, gutxiezten duten hitzez hitz egiteko".

Bestalde, eta azaroaren 25aren harira, Nola prebenitu gazteen artean indarkeria sexista? berbaldia antolatu dute. Bihar izango da, eta 19:00etan hasiko da, Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak