Larrialdi egoeran dauden adingabe babesgabeentzako bost harrera familia lortzeko deia egin du Aldundiak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko aza. 23a, 10:00

Foru Aldundiak borondatezko harrera mota berri bat jarri nahi du abian Gipuzkoan: larrialdikoa. Horrela bermatu nahi da babesgabezia egoeran dauden 3 urtetik beherako adingabeak familia harrerako baliabideetan artatuak izatea. Gainera, Gizarte Politikako Departamentuak 35 familia bilatu nahi ditu, babesgabezia egoeran dauden 61 haur edo neraberen beharrei erantzuteko prest egongo liratekeenak.

Larrialdiko harrera gehienez ere sei hilabetekoa izan ohi den aldi baterako egoera bat da, eta denbora horretan adingabea bere familiatik banandu behar izaten da babesgabezia egoeraren balorazio prozesua gauzatzen den bitartean, familiarekin jarraituz gero arrisku larrian egongo bailitzateke. Banantze horrek testuinguru babesle batean kokatzea eskatzen du eta orain arte, normalean, egoitza zentro bat izaten zen.

Haurra zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta beharrezkoagoa da ingurune egonkor eta estimulatzaile bat, lehen urteetako garapen ebolutiboaren behar espezifikoei erantzungo diona, horregatik egokiagoa izaten da familia ingurune batean hartzea. Jarduera berri hau abian jartzeko, Foru Aldundiak gipuzkoarren artean aurkitu ahal izango dituen bost familiekin esperientzia hastea aurreikusi du.

35 harrera familia 61 haurrentzat

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 61 haur edo nerabe beren etxean hartuko dituzten 35 familia behar ditu. Gaur egun, Foru Aldundiarekin batera lan egiten duten 257 familia daude babesgabezia egoeran dauden 301 adingaberi babesa ematen. Foru Aldundiak badu, baita ere, harrerako zerbitzu profesionalizatu bat, eta horren bitartez 22 adingaberi ematen zaie babesa.

Harremanetan jartzeko modua

Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 40 harrera familia behar ditu, horietatik 5 larrialdiko harrerarako. Pauso hori emateko, interesatuek hiru bide dituzte Diputazioarekin harremanetan jartzeko: telefono bidez, 943 112522 edo 943 45 77 40 telefonoetara deituz; posta elektronikoz, familiaharrera@gipuzkoa.net helbidera mezu bat bidaliz; edo Donostiako Zarategi pasealekuko 99 zenbakian dagoen Txara IIra joanez, zalantzak argitzeko eta informazioa jasotzeko.

Harrera familien topaketa, gaur

Familia harrera da Gipuzkoako Foru Aldundiaren haurrak babesteko sistemaren zutabeetako bat, beraz, sistema hori sustatu eta babesteaz gain, funtsezkoa da gogoeta bateratua egitea eta esperientziak partekatzea.2000. urteaz geroztik ospatzen den harrera familien topaketaren helburuak dira: batetik, aitortzea harrera familien garrantzia, Beroa familia hartzaileen elkarteak betetzen duen autolaguntzako zerbitzua eta Lauka zerbitzuak ematen duen laguntza teknikoa eta, bestetik, nabarmentzea familia harrerak zer esanahi duen Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.

Beraz, gaur, zapatua, harrera familiak berriz elkartuko dira beren esperientziak trukatzeko, eta harrera familien eta profesionalen arteko mahai-inguru bat egiteko.Topaketa Donostiako Aranzazu hotelean egingo da, eta bertan Malagako Unibertsitateko Psikologia fakultateko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntza Psikologiako Departamentuko katedradun den Maria Jesus Fuentes Rebollok hitzaldi bat emango du harrera egoerako familia harremanei buruz.Horrez gain, bertaratzen direnek mahai-inguru batean parte hartu ahal izango dute, familia biologikoarekin izaten diren harremanak aztertzeko.

Gaurko egitaraua:

  • 9:15    Familiei eta parte-hartzaileei harrera egitea.
  • 9:30    Inaugurazioa: Euken Barreña Caloca, Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko Zuzendari Nagusia.
  • 10:00  Hitzaldi markoa: “Las relaciones familiares en el acogimiento de niños, niñas y adolescentes con familia extensa o ajena”. Hizlaria: Maria Jesus Fuentes Rebollo, Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako Departamentuko katedraduna Malagako Unibertsitatean (Psikologiako Fakultatea).
  • 11:30  Atsedena.
  • 12:00  Mahai-ingurua: “Las relaciones con la familia biológica desde la experiencia de las personas que intervienen en el acogimiento familiar”. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek eta Lauka zerbitzukoek koordinatuko dute. Parte-hartzaileak: borondatezko familia zabal bat; borondatezko besteren familia bat; hartzaile profesionala bat; eta emantzipazio prozesuan dagoen neska gazte bat.          
  • Beroa elkartearen aurkezpena: ”El funcionamiento del Espacio de convivencia Etxegorria durante el primer año”. 
  • Gabonetako  lehiaketaren  sari banaketa.
  • 14:15  Amaiera.
  • 14:30  Bazkaria.

Lekua: NH Aranzazu hotela, Vitoria-Gazteiz kalea, 1 – 20018 Donostia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak