Durangoko Azokan 353 nobedade eta 130 ekitalditik gora izango dira

Irati Goitia 2013ko aza. 21a, 16:57

Durangoko Azokaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur San Agustin kultur gunean. Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko lehendakariak, esan du gerrikoa estutu behar izan dutela, baina azoka profesionala eta ganorazkoa egiteko esfortzu berezia egin dutela. Hala, azokan, besteak beste, 130 ekitaldi inguru eskainiko dira eta 353 nobedade egongo dira salgai.

Durangoko Azokak abenduaren 5ean goizeko 10:30ean zabalduko ditu ateak, eta hala, lau egunez, abenduaren 8ra arte, euskal kulturalen plaza bilakatuko da Durango. Aurtengoa 48. edizioa da eta 130 ekitaldi inguru eskainiko dira aurkezpen, emanaldi, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldien artean.

353 nobedade

Landako erakustazokan 353 nobedade egongo dira salgai: 226 liburu, 68 disko, 36 aldizkari, 5 bideo eta 18 bestelakoak. Guztira 122 partaidek (argitaletxe, diskoetxe, banatzaile, elkarte eta erakundek) hartuko dute parte, aurreko urtean baino bost gutxiagok. 238 erakusmahai egongo dira, iaz baino 15 gutxiago. "Partaide kopurua antzerakoa den arren, partaideek erakusmahai gutxiago jarriko dituzte", zehaztu du Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko lehendakariak.

Aipatzekoa da, baina, partaideen artean iaz egon ez ziren sei musika zigilu eta elkarte egongo direla aurten eta sona handiko sortzaileen azken lanak ere egongo direla azokan, besteak beste: Bernardo Atxaga, Joxean Agirre, Leire Bilbao eta Karmele Jaioren azkenak. Izen ezagunez gain, egile berriak ezagutzeko aukera ere egongo da.

"Gerrikoa estutu beharra"

Mujikak adierazi du egoera ekonomikoa zaila dela, baina zailtasunak zailtasun azoka egin-egingo dela. "Gerrikoa estutu eta esfortzua handitu behar izan du Gerediaga Elkarteak. Gure aurrekontua %10 murriztu da, 60 mila euro gutxiago ditugu", azaldu du Mujikak. Zehazki, 522 mila euro inguruko aurrekontua izango du azokak eta horrekin aurrera egitea zaila izango dela esan du Mujikak, baina, euskal kulturak beharrezkoa duela azoka profesionala eta ganorazkoa izatea. Eta hain zuzen, horretan ahalegindu direla azoka inoiz baino gehiago hedatuz, besteak beste. 

Gerediaga Elkarteko lehendakariak gaineratu du ezinbestekoa dela denon babesa, bai norbanako eta baita erakunde pribatu eta publikoena ere. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta euren babesa erakutsi dute. "Bizkaiko Foru Aldundian uste dugu kultura gizarte-kohesioa eraikitzeko eta sendotzeko ezinbestekoa dela. Euskaldunon nortasuna gure hizkuntza eta gure kulturarekin eraikitzen da. Horregatik berresten dugu betidanik egin dugun euskalgintza babesteko eta suspertzeko apustua", adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Ana de Castrok. Ildo beretik mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Cristina Uriarte: "Durango da euskal kulturaren plaza nagusia. Azokaren beraren existentziari laguntzen dio Jaurlaritzak, azokaren funtzionamendua diruz laguntzen du-eta, baina gure zereginen parte garrantzitsuena ez da hori; baizik, azokan agertzen den produkzioa sustatzea".

Herrialde gonbidatua, Eskozia

Eskozia izango da aurtengo herrialde gonbidatua. Bertako kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera izango da, hala. Catrina Lexy Campbell, aktorea, antzerkigilea eta gaelikozko idazlea gonbidatu dute. Abenduaren 8an Szenatokia gunean (San Agustin kultur gunean) egingo duten mahai-inguruan hartuko du parte.

Argizaiola saira William A. Douglassi

William A. Douglass antropologo amerikarrari emango dio Gerediagak aurtengo Argizaiola saria. Euskal diasporaren inguruko ikerketa sakonak, eta orohar, euskal kultura bultzatzen egindako lana eskertuko dio horrela elkarteak. Abenduaren 6an jasoko du saria Szenatokia gunean.

Inoiz baino hedatuago

Gaur goizean egin duten aurkezpenean izan den Durangoko alkate Aitziber Irigorasek gogora ekarri du aurten Durangoko Azoka inoiz baino hedatuagoa izango dela. Izan ere, Ahotsenea eta Irudienea guneak tokiz aldatuta, azoka herrira zabaltzea izan da helburua. "Azokak kokagunea Durangon izateaz gain, durangar izango da esangura osoz. Hori durangar guztiontzat pozgarria da", esan du Irigorasek.

Amaitzeko, Euskal Herriko euskaltzale zintzo guztiei egin diete dei Durangora joan eta azokan parte-hartzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak