Alerta laranja, euriteengatik

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 21a, 14:23

Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prezipitazio iraunkorrak iragarri ditu gaur egun osorako,  06:00etatik 18:00etara batez ere; iragarpenaren arabera, denbora tarte horretan egingo du euri gehien. Uholde arriskua dela-eta, Segurtasun Sailak Larrialdi Plana larrialdi aurreko fasean aktibatu du. Gipuzkoako Diputazioak, bere aldetik, Larrialdietarako Foru Plana aktibatu du. Deba ibaia maila horira iritsi da Elorregin, eguerdian Euskalmetek jakinarazi duenez.

Eguraldiak okerrera egingo duela aurreikusita, aurre-abisuko egoeran dago aholku-kontseilu bat. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta uholdeek eragina izan dezaketen udalerrietako alkateek osatzen dute, besteak beste, kontseilu hori, eta soilik alerta-maila igoz gero deituko da, aurre-abisu egoeran dagoelako, esan moduan. Horrelakorik gertatuz gero, orduan bai, batzartu egingo litzateke kontseilu hori, euria erruz egiteak eragindako ondorioak arintzeko lanak koordinatzeko egokitzat jotzen dituzten neurri guztiak hartzeko.

Horrez gain, larrialdietakoko eta babes zibileko zerbitzuak (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak, borondate-taldea...) ohartarazita daude jada, uholdeak gerta daitezkeela aurreikusita.

Era berean, Ura Ur Agentzia, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentzia eta foru aldundiak arroetako arrisku handieneko guneen jarraipen intentsiboa egiten ari dira.

Larrialdietarako plana

Foru Aldundiak larrialdietarako plana aktibatu zuen atzo goizean, eta gaur egun osoan jarraipena egingo die eguraldiaren gorabeherei eta sortu daitezkeen arazoei, harik eta Euskalmet agentziak iragarri duen euritea igaro eta alarma laranja indargabetzen duten arte. Izan ere, Euskalmet agentziaren eguen eta egubakoitzerako iragarpena beteko balitz, ibai edo errekaren batek gainezka egin dezakeela ohartarazi dute.

Foru Aldundiko Krisi Mahaia biltzekoa da gaur goizean, egoeraren berri jaso eta behar diren neurriak hartzeko.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, gogotik egingo du euria gaur eta bihar, eta gaur arratsaldetik aurrera trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia izango da, gainera. Antzerako giroa espero da zapaturako ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak