LOMCEren kontrako manifestazioa deitu dute eguerdirako Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 21a, 10:01

Senatuak legea eztabaidatu zuen atzo –eguaztena– eta gaur onartuko du, PPren babesarekin bakarrik; oposizioko alderdi guztiak eta Hezkuntza arloko agenteak ere kontra izango ditu Alderdi Popularrak. Lanuztea eta protestak deitu dituzte ikasleek, eta Arrasateko Ikasle Abertzaleek paroak eta mobilizazioak deitu dituzte ikastetxe eta unibertsitateetan; 12:30ean manifestazioa irtengo da Sebero Altube plazatik.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak gaur Euskal Herri osoan aurrera eramango duen borroka egunaren baitan kokatzen da manifestazioa. Izan ere, antolakundetik diotenez, legearen onarpenak atzerapausoak ekarriko ditu honako alorretan:

  • "Ikasgai nagusien eduki osoa Madrilen esku geratuko da. Eskolatik kanpo geratuko dira Euskal Herriko Historia eta Geografiatik geneukan apurra, legea betez gero".
  • "Euskara espezialitateko ikasgai bilakatuko da eta Musikaren mailan geratuko da. Gainera, edonork edukiko du erdara hutsean ikasteko (eta, beraz, euskara ez ikasteko) aukera, dagoen tokian dagoela, eta kostua erakunde publikoek ordainduko diote".
  • "Sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeak diru publikoz lagundu ahal izango dira".
  • "DBH-ko laugarren mailarako, Lanbide Heziketara edo Batxilergora bideratuko duen aukera egin beharko du ikasleak, atzera buelta barik. Zailtasunak dauzkaten ikasleak paretik kentzeko egindako banaketa da, zalantza barik".
  • "Erlijioa beste ikasgaien mailan jartzen du".

"Euskal Eskola Nazionala"

LOMCEk "gure hizkuntzari eta burujabetzari mespretxua erakusten" diola eta "klase desberdintasunean sakontzen" duela salatu dute Ikasle Abertzaleek eta hori ezin daitekeela onartu gaineratu dute. Horren aurrean, "Euskal Eskola Nazionala" aldarrikatu dute: "Euskal Eskola Nazionala behar dugu, herri burujabeek bezalaxe, herriko eragileekin batera herritik sortuko den euskal hezkuntza berria eta horri dagokion euskal curriculuma erabakitzeko".

12:30ean, Sebero Altuben

Eragile guztien mobilizazio etengabea da LOMCEri aurre egiteko bidea, euren esanetan, eta manifestazioa deitu dute gaurko Arrasaten; 12:30ean aterako da Sebero Altubetik. Euren irakurketarekin bat egiten duten herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deia, "gure etorkizuna eraiki nahi dugulako, gure hezkuntza izan nahi dugulako, gure hizkuntzan ikasi nahi dugulako eta gure eskubideak 'borrokatu' nahi ditugulako!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak