Alberto Albistegik Aretxabaletako entrenatzaile izateari utzi dio

Xabier Urtzelai 2013ko aza. 20a, 13:19

Alberto Albistegik Aretxabaletako entrenatzaile izateari utzi dio. Atzo, martitzena, iluntzean hartu zuen erabakia UDA taldeko zuzendaritzak, besteak beste, taldeak izan duen denboraldi hasiera txarra ikusita. Albistegik helburuak oso garbi zituela hasi zuen denboraldia, hirugarren mailagatik borrokatzea zen Ibarrako taldearen erronka, baina hamar jardunalditan hamar puntu batu ostean jaitsiera postuetan daude. Oraingoz, Igor Arenazak beteko du Albistegiren hutsunea.

Aretxabaletan liga hasiera txarrak nahi baino gehiago okertu du giroa. Eta oker hasitakoa lehenbailehen zuzentzeko asmotan entrenatzailez aldatzea erabaki du zuzendaritzak, atzo iluntzean hartutako erabakian. Joera positiboa izan zitekeena –azken jardunaldietan aretxabaletarrak txukunago zebiltzalako– domekan bertan okertu zen ostera, Antzuolaren kontrako derbian, etxean, 1-3 galdu ostean.

Talde indartsua du Aretxabaletak, urteak daramatza Ohorezko Erregional mailako oilarren artean, eta Hirugarren Mailan ere egon dira duela gutxi. Kategoria horretarako jokalari onak ditu, eta baita harmailetan batzen diren zale fidel bezain zorrotzak ere. Baliteke Aretxabaletak beste askok baino presio handiagoa izatea gauzak ondo egiteko, eta orain, Igor Arenazak izango du egoera zuzentzeko ardura. Arenaza, baina, probisionalki egongo da aulkian, taldea zuzentzeko pertsona aproposa bilatzen duten bitartean.

Neurri horren aurrean, Arenazak berak onartu du halakoetan entrenatzailea aldatzea izaten dela erabakirik errazena: "Kirol emaitzak ez dira aurreikusitakoak izan, eta egoerak txarrera egin aurretik erabakia hartu dugu". Hala, UDAko zuzendaritzak bidalitako prentsa oharrean Albistegiri zorterik onena opa dio etorkizuneko kirol erronketan.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak