Gipuzkoako udalek 231 lanpostu sortuko dituzte Foru Aldundiaren laguntzekin

Gipuzkoako udalek 231 lanpostu eskainiko dituzte datorren urtean, Diputatuen Kontseiluak martitzenean onartu dituen dirulaguntzei esker.

Hain zuzen, bi dekretu onetsi ditu tokiko eta eskualdeko enplegua bultzatzeko, eta hirugarren bat, udalek inbertsioak egiteko. Denetara 3.150.000 euro dira.

Lehenengo dekretuak 1.732.000 euroko dotazioa dauka,  udalek langabeak kontratatzeko aurten martxan jarritako programak datorren urtean jarrai dezan. Aurten, 216 lagun kontratatu dituzte, eta datorren urtean beste 231 kontratatzea aurreikusten da, gutxienez bost hilabetez, udalek emandako lanetarako.

Zenbait aldaketa egin dituzte deialdiaren oinarrietan. Hala, 231 enplegu horietatik gehienak, 200, biztanle-kopuruaren arabera banatuko dira. Gainerako 31 lanpostuetan lehentasuna izango dute langabezia handiena duten eskualdeek. Deialdi horretan udalek mankomunitateen edo garapen agentzien esku utzi ahal izango dituzte enplegu horiek.

Mankomunitateek proiektu estrategikoak egin ditzaten

Bigarren dekretuak 1.417.000 euro ditu, eta bakarrik mankomunitateei eta eskualde garapenerako agentziei zuzentzen zaie. Helburua da finantzatzea mankomunitate edo agentzia horien proiektu estrategikoak, bereziki tokiko enplegua hobetzera zuzendutakoak: langabeen prestakuntza, eta abar. Kasu honetan, funtsak eskualdeko agentzia guztiekin adostuta banatuko dira, eskualde bakoitzaren langabezia-tasa kontuan hartuta.

Beste dirulaguntza dekretu bat ere onetsi da, udalei zuzendutakoa, inbertsioetarako. Dekretu horren bidez, 6 milioi euro banatuko dira, herrietako espazioetan, bideetan eta saneamenduan ekiteko: haiek hobetzeko, ekipatzeko, birgaitzeko, e.a.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.