Txuma Murugarren: "Musika entzule moduan oso diziplina gabea naiz"

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 21a, 01:00

Sasoi Ilunak taldean ezagutu genuen eta bakarkako ibilbide oparoaren ostean '14 abesti eta hamahiru istorio txiki' aurkeztu du, Angel Untzurekin elkarlanean egindako diskoa.

1. Lehen diskoak taldean, gero bakarka, orain bikotekidearekin.

Proiektu berezia da, espero ez genuena. 2000n, Angel Untzuk kantu batzuk egin eta eskatu zidan letra jartzeko. Nor bere kontu pertsonaletan zebilen, eta ez genuen grabatu. Orain berriz elkartze bat izan dugu, interesgarria oso.

2. Musika harena, hitzak zureak. Eroso paper banaketarekin?

Oso eroso; zeinekin eta Angel Untzurekin! Musikari aparta da, beti iruditu zait beste liga baten jokatzen duela. Harekin lan egitea, ikastea eta gozatzea izan da.

3. Hamalau abesti eta hamahiru istorio. Non dago koxka?

Kantu baten bertsio minimalista egin eta letra gabe utzi dugu. Kantua birbegiratu dugu nolabait esateko musika kutxa batekin; pintzelkada bat bezala geratzen da.

4. Bidaia etengabea duzue aurkezpen kantua. Zergatik hau?

Ez dugu askorik pentsatu. Asko gustatzen zitzaigunetako bat zen. Kantu bakoitzak bere lekua du, eta uste dugu honek ukitu baikorra duela, soinu happy-a. Diskoko lehena ere bada. Bat aukeratu behar genuen, eta hau izan da.

5. Lehenengoz entzuteko, noiz eta nola gomendatuko zenidake?

Ez da disko zaila; entzunaldiekin gehiago sartzen da. Ez da entzun behar azterketa zail batera bazindoaz bezala, beste zerbaitetan zabiltzala baizik; harrapa zaitzan utzi.

6. Bakarkako lehen lau diskoak bost urtetan; azkenetik hona, hiru pasa dira. Gauzak patxada handiagoarekin hartzen dituzu?

Bai. Disko bat egitea lan handia da, eta lehentasuna duten beste gauza batzuk dauzkat orain. Desengainua dut: lan handia egin eta erantzun urria jasotzea. Meditazio garaian nago, baina ari naiz beste gauzatxo batzuetan lanean.

7. Zure abestiak entzunda bakarrik ezagutzen zaituenak zein punturaino ezagutzen zaitu?

Txuma bat bakarrik ezagutzen du, baina anitzak garenez... Nire letrak zintzoak dira, zintzoegiak batzuetan. Askotan diot lirika artearendako dela eta bizi izateko bestelako gakoak behar ditugula.

8. Kontzertuak ez ei dituzu oso gustuko.

Oso ondo pasatzen dut erantzuteko norbait dagoenean. Baina beti ditut dudak nola irtengo den, jendea egongo den... Azkenaldian, gauzak hotz daude. Baina sinesten dut egiten dudanean; merezi duela uste dut.

9. Nolako musika entzulea zara?

Oso diziplina gabea: denetarik entzuten dut. Irratian zerbait entzun eta gustatzen bazait, bilatzen dut. Irrati saio espezializatuak-eta dira nire erreferentzia.    

10. Euskara irakaslea zara. Inoiz jarri diezu ikasleei zure abesti bat praktikatzeko?

Ez; azkenean jakiten duten arren, ez dut nahi bi Txumak nahastu.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Hizkuntzak kutsagarri egingo nituzke: hizkuntza bat entzuten baduzu, hazia bertan geratzea; hori zure barruan loratzea, eta fruituak ematea; azkenerako hizkuntza horren jabe egitea. Horrela izan beharko luke hizkuntza guzti-guztiekin, baita euskararekin ere, noski".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak