Debagoiena, euskarazko film laburren rallyen plato

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 15a, 15:20

Zinegileek eta ikus-entzunezkoen sortzaileek aukera bikoitza dute egunotan debagoienean; plato erraldoi bilakatuko dituzte Oñati eta Eskoriatza, film laburren rallyak aitzakia hartuta. Bihar, zapatua, Oñatiko Laburmetrai Rallyaren laugarren edizioa egingo dute eta azaroaren 30erako Ti-Tau rallya prestatu du laugarrenez, Eskoriatzako Eingeinke taldeak. Izena emateko aukera dago bietan.

Euskaltzaleen Topagunearen Kameratoia rallyan parte hartuta, ideia herrira ekartzea erabaki zuten herriko hainbat zine zaleek, garai hartan ibarrean zegoen hutsunea bete asmotan.  Asmatu egin zuten antza, biharko dagoeneko herriko hamasei taldek emana zuten-eta, eguaztenerako izena. "Zapatuan, goizeko zortzietan ere eman ahalko da izena, baina horiek ikusleen saritik kanpo geratuko dira. Gehienez 20 talde izango dira" argitu du Aitor Perosterenak, Oñatiko rally-ko antolatzaile taldekoak.

Parte-hartzaileak 08:00etan elkartuko dira eta 19:30erako amaitu beharko dituzte lanak; lunch-a egongo da parte hartzaileendako gero. Grabaziorako zein post-produkziorako beharrezko materiala talde bakoitzak eraman beharko du eta gaztelekua izango dute ediziorako lantoki. Santa Ana aretoan proiektatuko dituzte lan guztiak 21:30etan" Lanek minutu bat eta hiru arteko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz egin beharko dituzte edo euskarazko azpitituluekin bestela. Bihar zehaztuko diegu aurtengo gaia zein den eta zein objektu agertu behar den eta baita Oñatiko hamar lekuren zerrenda ere, horietako bi agertu beharko dira film laburrean. Argibide guztiak, www.olrallya.wix.com/olrallya atarian daude" zehaztu du Perosterenak.

Luxuzko epai-mahaia Oñatin

Lau dira banatuko dituzten sariak; horietako bat, ikusleek erabakiko dute. Gainontzeko hirurak, herriko hainbat zine zaleek eta Ramon Agirre, Iñake Irastorza eta Iban Garate aktore ezagunek osatuko duten epaimahaiaren esku izango dira. Sari banaketa 23:00etan izango da.

'Ti-Tau', azaroaren 30ean

Hiru dira Eskoriatzako Eingeinke gazte taldeak azaroaren 30ean egingo duen Ti-tau rallyaren helburuak: gazteen sormena lantzea, herri ezberdinetako gazteak elkar ezagutzea eta euskarazko lanak  egitea; www.eingeinke.org atarian daude lehiaketaren oinarriak eman daiteke izena.

Oñatikoaren egitura oso antzerakoa du Eskoriatzakoak, nahiz eta umorea duen generotzat: "9:30etan Ibarraundi Museoan elkartuko gara, han gaia eta erabili beharreko objektua zein den zehaztuko diegu eta baita agertu beharreko herriko txokoen zerrenda ere. Antolakuntzak argindarra eta ediziorako mahaiak jarriko dituen arren, talde bakoitzak  eraman beharko du beharrezko materiala. 19:00etarako entregatu beharko dituzte luze jota lau minututako filmak usb batetan. Parte-hartzaileendako luncha-a  izango dugu gero, eta 21:30etan lanak erakutsi ostean, 300 eurotako sari bakarra banatuko dugu gero" azaldu du Mirian Isasmendi, Eingeinke-ko kideak.

'Kameratoia' abenduaren 6etik 8ra

Azken zortzi urtetan moduan, Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rally-a antolatu du gazte euskaldunen sormena bultzatu eta ekoizpen artistikoa gizarteratzeko helburuarekin. Oraingo edizioan, Durangoko Azokako Irudienea gunea izango dute agertoki nagusi. Lehiakideek 48 ordu izango dituzte, hiru eta zortzi minutu bitarteko film laburra egiteko. www. kameratoia.com atarian eman daiteke izena; azaroaren 22a da azkeneko eguna.

Lehen edizioko formatura itzuli da aurten lehiaketa: abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztu beharreko lanaren gaia eta islatu beharko dituzten irudien zerrenda jasoko dute eta 48 ordutara entregatu beharko dituzte filmak. Aurrekoetan moduan, hiru sari emango dituzte: 1.200, 900 eta 600 eurokoak, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak