Oñatiko udaltzainak 09:00ak inguruan abiatu dira Arantzazurako bidean eta Urtiagainetik gora bidea nahikoa elurtuta dagoela azaldu digute. SOS Deiak-era pasa dute abisua eta handik Diputaziora, elurra kentzeko makina joan dadin bertara. Edozein kasutan, frantziskotarrek esan digute autoak badabiltzala gora eta behera, Arantzazu gaineko plazatxoan badela mugimendua.
Aurtengo lehen elurtea izan da eta zurituta daude bailarako mendi tontorrak: "Zuri-zuri ikusten da Aloña", esan digute, adibidez, Oñatiko udaltzainek.
Arantzazun ez ezik, elurra ari du Deskargan eta AP-1 autobidean ere; arretaz gidatzea eskatzen da.