Landakotik harago zabaltzen jarraituko du Durangoko Azokak

48. edizioak jardueraz beteko du Durango, abenduaren 5etik 8ra. Goizean aurkeztu dituzte aurtengo nobedadeak eta mapa bera da guztien artetik garrantzitsuena. Izan ere, azokako hainbat gune tokiz aldatuko dira, kultur eskaintza Durango osora hedatzeko helburuarekin.

Euskal kulturari eskainitako gune eta diziplina ezberdinetatik ibilbidea proposatzen du antolakuntzak eta ibilbide hori egiteko beste modu apropos bat izango da, nola ez, Azoka TV: beste urtebetez, azokan gertatzen dena bertatik bertara eskainiko du pantaila erraldoian eta tokian tokiko telebistetan.

Pasa den hilabetean iragarri bezala, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izatetik, Durangoko Azoka izatera pasatu da ofizialki. Gainera, Kulturaren plaza leloa atxikita izango du, gune guztiak plaza horren parte direlako, antolatzaileen hitzetan: Areto Nagusia, Hitzaren plaza; Ahotsenea, Sortzaileen plaza; Kabi@, Digitalaren plaza; Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza; Plateruena, Kontzertu handien plaza; Saguganbara, Txiki eta Handien plaza; eta Szenatokia, Arte eszenikoen plaza.

Hedatzen jarraitzea da orain asmoa, Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikaren hitzetan: "Durangoko Azokako kulturaren plaza hori Durango osora hedatu nahi dugu. Azoka Hiria deitzen diogu asmo honi, eta Durangoko hainbat espaziotan kultur eskaintza osatzea da helburua. Horrela, azoka bera indartu eta aberastuko dela uste dugu. Eskaintza oparoagoarekin, eta elkarlan gehiagorekin".

Xede horrekin, hortaz, azoka inoiz baino hedatuagoa izango da. Landakotik San Agustin Kultur Guneraino zabalduko da, Zugaza zinema aretotik pasata. 700 metroko tartea dago guztien artean; 5 minutu inguru, oinez.

Bisitariarentzako ibilbidea

Ildo horretan, Oihane Barrutiak, Saguganbara guneko arduradunak, bisitariarentzako ibilbidea proposatu du, euskal kulturaren arloak eta diziplinak ezagutzeko ibilbidea delako guneek osatzen dutena: "Areto Nagusian, idazlearen ahotik, bere azken lanaren berri jasoko du bisitariak; zuzeneko emanaldiak entzungo ditu, berriz, Ahotsenean; tailer batean parte hartuko du Kabi@-n; edo Saguganbaran seme-alabekin beste ekintza batean arituko da. Gainera, euskarazko pelikula edo antzezlan bat ikusteko aukera izango du Irudienean edo Szenatokian. Horrekin nahikoa ez, eta gauean kontzertuak ere eskainiko dira Plateruenan. Hau da, egun osoan zehar euskal kulturaz gozatu eta bizitzeko aukera egongo da Durangoko Azokan".

950 ikasle

Ikasleen egunaren arrakastari buruz ere aritu da Barrutia: "Ikastetxeetan oso harrera beroa izan du proposamenak, eta gainezka egin dugu. 40 ikastetxetik gora apuntatu dira, eta azkenean, zozketa bidez 22 ikastetxeri esan diegu baietz". Hortaz, abenduaren 5eko Ikasleen egunean 950 ikaslek hartuko dute parte.

Gunerik gune

  • Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza: Euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa da Irudienea gunea, eta aurten aldaketa pauso handia emango du, Landakotik Zugaza zinema aretora pasatuko delako. Aretoak 100 ikuslerentzako lekua du, eta azokatik 150 metrora dago.

Emanaldiek kalitatean irabaziko dute, eta sortzaile eta ikusleek hartu-emanean aritzeko aukera izango dute, emanaldiak, tertuliak eta mahai-inguruak antolatu dituztelako. Esaterako, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egunean) zinemagileak egongo dira Loreak Errepidean filmaren aurrerapena egiteko, eta Goenkaleren TV movie bat aurre-estreinatuko da, aktoreen parte-hartzearekin. Egitarauaren barruan, adibidez, Amaren Eskuak eta Emak Bakia filmak emango dituzte, besteak beste.

  • Ahotsenea, Sortzaileen plaza: 48. edizio honetan lekuz aldatuko den bigarren gunea da Ahotsenea. Landako erakustazokaren eta Montevideo kalearen artean kokatuko dute karpa, trenbidea zeharkatuta. Bi espazio izango ditu, ohiko legez: batean, autoreek euren lanari buruz hitz egin ahal izango dute; eta bestean, zuzenean aurkeztuko dituzte aurtengo nobedadeak.

Gainera, edizio honek berebiziko arrakasta izan du sortzaileen artean, izena emateko epea zabaldu eta 48 ordu eskasera bete zituztelako aurkezpenetarako zerrenda guztiak. Horrela, 40 emanaldi inguru eskainiko dira Ahotsenean, eta beste hainbeste liburu aurkezpen egingo dira. Taula gainetik pasatuko direnen artean: EH Sukarra, Irati Jimenez, Mikel Markez, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Mursego, Alex Sardui eta Aingeru Epaltza.

  • Areto Nagusia, Hitzaren plaza: Euskal kulturaren zabalkunderako gunea da Areto Nagusia, eta batez ere liburuak aurkeztuko dituzte bertan. Horretaz gain, mahai-inguru, hitzaldi eta prentsaurrekoentzako lekua ere izango da. Erakustazoka barruan egokitutako areto hau Gerediaga Elkarteak koordinatzen du.
  • Saguganbara, Txiki eta Handien plaza: Berbaro elkarteak koordinatuta, Landako plazako Elkartegian dago Saguganbara, eta hiru espazio ditu: Sarrera, Areto Handia eta Areto Txikia. Familia osoari eskainitako espazioa da, kulturaren transmisioa eta irakurketa aktiboa lantzeko, hizkuntzarekin jolastuz. Berbaro izan da, era berean, Ikasleen eguna koordinatzeko ardura hartu duena.
  • Plateruena, Kontzertuen plaza: Kafe edo mokaduren bat ahoratuz sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gain, kontzertu handienak ere bertan izaten dira, kafe antzokian. Plateruenak Ruper Ordorikaren kontzertuarekin hasiko du programazioa, azaroaren 29an, eta hortik aurrera agertokira igoko dira: Su ta Gar, Urtz, Kauta, Korrontzi…
  • Kabi@, Digitalaren plaza: Kultura digitalaren plaza izanik, azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Gai honen inguruko hitzaldiak, tailerrak, jokoak edo mahai-inguruak antolatu dituzte. Esaterako, bi hitzaldi-tailer eskainiko dituzte: Irrati edota hedabide libre batean nola programatu, kudeatu eta mobilera eraman, edota 3D inprimagailuak hezkuntzan.
  • Szenatokia, Arte eszenikoen plaza: Euskarazko antzerkigintzaren eremua da. San Agustin Kultur gunean dago kokatuta eta, euskal antzerkigileei urtean zehar egindako lana plazaratzeko aukera eskaintzeaz gain, ikuslegoarekin ere harreman zuzena izateko aukera ematen die. Adibidez, antzerki maratoiaren egunean, obra zati bakoitzaren ostean antzezleek eta ikusleek pintxoa eta txakolina konpartitzeko aukera edukiko dute.

Azoka TV

Azoka TVk, beste urtebetez, azokan gertatzen dena bertatik bertara eskainiko du, hiru modutara: pantaila erraldoian, tokian tokiko telebistetan eta Interneten, streaming bidez; tartean, Goiena telebistan eta goiena.net-en.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.