Lau emanaldi, Ostegun Akustikoak lehiaketan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 12a, 17:47

Ostegun Akustikoak lehiaketaren hasiera data atzeratu dute; eguen honetan, azaroak 14 hastekoa bazen ere, azkenean hilaren 21ean ekingo diote musika lehiaketari. Aretxabaletako Udalak antolatutako sariketan lau emanaldirekin gozatuko dute ikus-entzuleek: Azkaiter Pelox, Josu Zubia, Jim TNT eta Saiatu Berriz.

Estilo ezberdineko melodiek jantziko dituzte eguen iluntzeak Aretxabaletan. Ostegun Akustikoak lehiaketa hastear da eta eman dituzte parte-hartzaileen izenak.

Hala, azaroaren 21ean Azkaiter Peloxen txanda izango da, Bergaratik zuzenean, blues, rock edo rhythm&blues doinuak entzungai izango dira Haizea tabernan.

Josu Zubiak, ostera, hilaren 28an joko du, Exprex tabernan. Oñatiarrak pop eta folk doinuz blaituko du azaroko azken eguena.

Etenaldi baten ostean, arrasater baten txanda izango da. Abenduaren 12an Jaime Lizaranzuren alter ego Jim TNTk country eta slide blues doinuekin giro atsegina sortuko du, Artano tabernan.

Eta azkenik, Saiatu Berriz bikotea Usurbildik bertaratuko da, pop kantuen bertsioak egitera. Dagda tabernaren jaun ta jabe egingo dira Josu Furundarena eta Garazi Artola.

Kontzertu guztiak 21:30ean hasiko dira.

Ikus-entzuleak epaimahai

Publikoa izango da Ostegun Akustikoak lehiaketako epaimahaia. Bi sari banatuko dira, nagusia 200 eurokoa izango da, eta 100 eurokoa, ostera, bigarrena. Besteen artean, originaltasuna eta ahots zein instrumentuen abilezia baloratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak