Diputatuen Kontseiluak onartu egin du kamioien bidesarien proiektua

Leire Kortabarria 2013ko aza. 12a, 15:30

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak errepideen finantzaketaren inguruko foru arau proiektua, ibilgailu astunei bidesariak ezartzeko balioko duena, onartu du gaur. Horren bidez, 26 milioi euro batzea espero du.

Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman dio proposamenari, eta bihar Batzar Nagusietara bidaliko da, bertan alderdiek ekarpenak egin ditzaten eta proiektuaren inguruko jarrera azaldu ostean, bozka dezaten. Batzar Nagusiek ezarriko dute egutegia eta horren ostean ikusiko da Batzar Nagusiek foru araua onartzen duten edo ez.

Ibilgailu astunek egindako kilometroen arabera ordainduko dute. Teknikoki "punta-puntako sistema" da, bideragarritasun aldetik "ezin hobea" eta Europako araudiarekin bat datorrena, Larraitz Ugarte bozeramaleak esan duenez.

Ugartek azaldu du Aldundiak arduragatik daramala foru araua proposamena Batzar Nagusietara eta gainerako alderdiei ere "arduraz" jokatzea eskatu die. "Foru arau hau arazo larri bati aterabidea emateko modua da, eta arazoari aterabiderik eman ez eta errepideak finantzatzeko bide honi aukera ematen ez bazaio, 2015eko aurrekontuetatik Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoar guztien dirua jarri beharko du Bidegiren zorra ordaintzeko; 10 milioi euro inguru jarri beharko ditu. Hori onartezina da", esan du.  

Foru Arau proiektuari berari dagokionez, Ugartek hainbat xehetasun eman ditu:


    •    Ibilgailu astunei eragiten die soilik. Egindako ikerketen arabera, Gipuzkoa zeharkatzen duten kamioien % 75 ez dira gipuzkoarrak.
    •     Gaitasun handiko honako errepideetan ezarriko da: A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa), N-I errepidea (Madril-Irun), N-121-A (Iruñea-Irun), GI-632 (Beasain-Durango).
    •    Arku bidezko teleordainketa sistema da, eta guztira 14 arku jarriko dira: A-15 autobidean 3 arku, N-I errepidean 7 arku, N-121-A errepidean 1, eta GI-632 errepidean 3. Sistemak bi eratan identifikatzen ditu ibilgailuak: Via-T gailuen irakurketa eta matrikulen irakurketa automatikoa.
    •    Era horretan erabiltzaileari benetan egin dituen kilometroak kobratuko zaizkio, inoiz ez gehiago. Egindako kilometroek tarifa bat izango dute eta ibilbide bakoitzak prezio bat.
    •    Tarifa desberdinak proposatzen dira errepidearen arabera, eta ibilgailuaren kategoriaren arabera.
    •    Ohiko erabiltzaileek deskontua izango dute: norabide bakarrean 15 bidaia edo gehiago egiten dituztenei lehenengo bidaiatik hasita egingo zaie deskontua. Europako araudiak gehienez % 13 deskontatzen uzten du.
    •     Ordaintzen ez duten ibilgailuen kasuan, ez betetze arina izango da, eta isuna izango da zigorra. Isuna 150 eurotik 1.999 eurorainokoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak