Korrikan presoen argazkiak eramateagatik inputatutakoak, absolbituta

Ubane Madera 2013ko aza. 12a, 13:44

Auzitegi Gorenak berretsi egin du 17. Korrikan presoen argazkiak eramateagatik epaitu zituzten lau debagoiendarren absoluzioa. Hain justu ere, urte hasieran Audientzia Nazionalak absolbitu egin zituen lau inputatuak, baina fiskalak errekurritu egin zuen epaia. Amaia Osa, Sebastian Etxeberria eta Iñaki Manuel bergararra eta Joseba Garitaonaindia arrasatearra ibili dira auzi horretan inputatuta. "Poz-pozik gaude. Baina luzea izan da. Familietan-eta kezka handia eragin du auzi honek", adierazi dio Goienari Iñaki Manuelek.

Auzitegi Gorenaren epaia ez da behin betikoa. Hau da, errekurritu egin daiteke, Konstituzionalean, kasu honetan. Baina inputatuen abokatuak Manueli adierazitakoaren arabera, "oso arraroa" da epaitegi goren horretara jotzea; beraz, uste eta espero dute ez dutela errekurtsorik aurkeztuko.

"Orain sententzia begiratu egin beharko dugu; batez ere, aurrekari izan daitekeelako aurrera begira presoen argazkiak erakusteko orduan", esan du Iñaki Manuel bergararrak.

Zigorraren mugan

Berri agentzien arabera, inputatuen jokabidea "anbiguoa" den arren, ezin daiteke bete-betean kontsideratu "terrorismoaren goraipatze edo legitimitatea" aldarrikatzen dutenik. "Zigorraren muga-mugan leudeke jarrera horiek; izan ere, ez berezko izaeragatik eta ezta ere testuinguruarengatik (euskara bultzatzeko lasterketa baten baitan izan zen) ezin dira bete-betean terrorismoaren aldarrikapen edo legitimitate moduan kontuan hartu", dio sententziak. "Testuinguruari buruz, garrantzitsua dena da konnotazio politikoak zituen ekimen bat izan zela, baina batez ere, kulturala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak