Etxetresnetako Kontseilu Sozialak galdutzat ematen ditu bazkideen diru ekarpenak

Jon Berezibar 2013ko aza. 13a, 10:03

Etxetresnetako Kontseilu Sozialak gainerako kooperatiben organo sozialei ohar baten jakinarazi die "bazkideen kapital sozialak galduta" daudela une honetan, eta "baita ez-aktiboenak" ere, eta birkokatzeetarako Enplegu Bulegoa ez dagoela operatibo. Aurre-erretirodunek ere kooperatibaren osagarri guztiak galduko omen dituzte pentsioetan.   [Barruan, oharra osorik]

_______________________________________

Fagorrek Edesa laguntzeko Bizkaiko Aldundiaren laguntzari uko egin dio azkenean

Fagor Etxetresnek ofizialki jakinarazi berri dute uko egingo diotela Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako laguntzari. Edesa ez da eskaintzara bilduko, laguntza ekonomikoek "bere kabuz ez dutelako bermatzen Edesako plantaren bideragarritasuna”.

Goienak eskuratu ahal izan duen oharrean egiten dira aipatutako jakinarazpen eta zehaztapenak. Hala, "ekidinezina" den egoeraren aurrean Fagor Etxetresnetako Kontseilu Sozialak jakinarazpena bidali die Korporazioko eta kooperatibetako organo sozialei. Legokien "erantzukizuna saihestu" barik, ezin omen dute "onartu bestelako erantzukizunak lausotu" eta "bazkideek tratu injustua jasan dezatela".

Hala, oharrean argitzen da Etxetresnek garatutako plan estrategikoa eta inbertsio egitasmoa "Korporaziotik gainbegiratu eta, hein handi batean, zuzendu" zela. Gainerako kooperatibetako organo sozialei itaun zuzena igortzen diete oharrean eta galdegiten, ea haien kooperatibetan halako aukerarik ba ote duten.

Lagun Arori Araudia aldatzeko

Galderez gain, argibideak ere eskaintzen ditu oharrean Fagor Etxetresnetako bazkide-langileen ordezkaritza sozialeko organoak. Bazkideen kapital sozialak galduta daudela diote, bazkide ez-aktiboenak bezala eta borondatezko ekarpenak berreskuratzeko aukerarik ez ei dago une honetan. Erretiroei dagokienez, kooperatibak ekarri beharreko  osagarri guztiak galdutzat ere ematen dituzte eta hala, aurre-erretirodunek kobratu beharko zuketen ACBko %80aren %60 jasoko lukete 12 hilekotan.

Hala, elkartasunari dei eginez, Lagun Arori eskatzen diote araudia aldatzeko: "Esaterako, bazkide izaera galtzearen inguruan, aurreerretirorako eta langabeziarako osagarrietan, Lagun Arotik kanpoko aldi baterako lanei helduahal izatea langabezia-eskubidea galdu gabe eta halako gaiak".

Zalantzagune handienetako bat, era berean, zorraren aurrean bazkideek duten  erantzukizuna da eta oharrean esaten da "Euskadiko egungo Kooperatiben Legeak jasotzen duenaren arabera bazkideon ondare-erantzukizuna
mugagabea da galeren aurrean eta nahiz eta bestelako interpretaziorik egin daitekeen ez  dago berme finkorik idatzita dagoen bezala har ez dadin".

Korporazioak  abiarazitako Enplegu Bulego ez omen da, oharrean azaltzen denez, operatibo gaur egun.

[Oharra osorik]

FAGOR ETXETRESNA ELEKTRIKOAK, KOOP. ELKARTEKO KONTSEILU SOZIALAREN JAKINARAZPENA MONDRAGON KORPORAZIOKO ETA LAGUN AROKO KOOPERATIBETAKO ORGANO SOZIALEI:

"Ekidinezina ageri zaigu Fagor Etxetresna Elektrikoak, Koop. E.-a hartzekodunen konkurtsora sartzea, eta egoera honetan, barne zein kanpotik, ugaritu diren jakinarazpenen aurrean, bazkide langileen ordezkaritza sozialeko organoak, bere ikuspuntua helarazi nahi dizue:

Lehenik, gure enpresarekin eta bertako bazkide guztiekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu.

Ez dugu gertatutakoan dugun erantzukizuna saihestu nahi, ez Kontseilu Sozial legez dagokiguna ez kooperatibako bazkide guztiona, baina, era berean, ezin dugu onartu bestelako erantzukizunak lausotu daitezela eta gure bazkideek tratu injustua jasan dezatela. Gaur bertan, gertatutakoaren ondoriorik gehienak eta latzenak Fagorreko bazkide langileen eta bazkide ez-aktiboen bizkar daude.

Bestelako erantzukizunak aipatzean gure Plan Estrategikoak eta inbertsio-egitasmoak Korporaziotik, elkarlanean gainbegiratu eta, hein handi batean, zuzendu zirela gogorarazi nahi dugu. Baita, estrategia horiekin bat zetozen gestio planak, zuzendaritzak aurkeztu eta garatutakoak eta Kontseilu Errektoreak baietsitakoak, behin eta berriz gelditu direla bete gabe. Konfiantza eman eta izpiritu kritiko mehea erakutsi dugu halakoetan ? Eskura genue informazio eta baliabideekin bazitekeen beste aukerarik? Baduzue halako aukerarik zuek zeuon kooperatibetan? Nola agertu kritiko ordezko aukerarik gabe?

Gertatu dena ikusirik, betebeharra iruditzen zaigu zuek une honetan honakoez jakinaren gainean jartzea:

Ekonomia eta ondasunari dagokionez:

  • Bazkideon kapital sozialak galduta daude, enpresak jarraitu ezean horiek berreskuratzeko inolako aukerarik gabe.
  • Bazkide ez-aktiboen kapitalak ere galdu egingo dira.
  • Bazkide aktibo zein ez-aktiboen borondatezko ekarpenak berreskuratzeko une honetan ez dago aukerarik. Euskadiko egungo Kooperatiben Legeak jasotzen duenaren arabera bazkideon ondareerantzukizuna mugagabea da galeren aurrean eta nahiz eta bestelako interpretaziorik egin daitekeen EZ DAGO BERME FINKORIK IDATZITA DAGOEN BEZALA HAR EZ DADIN.

Arlo sozialean:

  • 1.800 bazkidetza-lanpostu galdu izana eta Lagun Aroren eta Gizarte Segurantzaren (300 bat pertsonek osatzen dute kolektibo hau) prestazio-sistemara sartzea da gaur egun langabezia estrukturala gauzatzeko modua. Honek esan nahi du 12 hileko kobratzea, beti ere, lehendik beheranzko egutegi mugikorretan kontsumitutakoa deskontatuz eta azken aurrerakinaren %80 jasoz, alegia, gure kasuan, Lagun Aroren erreferentziaren %80arena. Honez gain, gogora ekarri beharra dago uztaileko aparteko paga ere jarri genuela.
  • Konkurtsoan sartzean (Lagun Aroren irizpidearen arabera beti) langabeziaren kudeaketa hau likidazioko langabeziara aldatuko da. Honek esan nahi du 24 hileko kobratzea hiru urtetan zehar.
  • Hiru urte horiek dira behin betiko birkokapenerako dagoen epe bera. Gaur egun Lagun Arori (prestazioa) eta kooperatibetako Giza Baliabideetako bulegoei (birkokapenak) dagokie horren gestioa. MONDRAGONEKO ENPLEGU BULEGOA EZ DAGO OPERATIBO eta, beraz, izan diren birkokapenak ez dira haren bitartez gauzatu.
  • Hiru urteak bete ondoren behin betiko birkokapenik gabeko bazkiderik balego, BAZKIDE IZAERA GALDUKO DU.
  • Garrantzitsua da, halaber, aurre-erretirodunak biziko duten egoera jakin dezazuen, izan ere, ACBko %80aren %60 jasoko dute 12 hilekotan. Une honetan kooperatibak bere gain hartzen dituen osagarri guztiak galduko dituzte.

Biziki eskertzen dizuegu lehen eta orain adierazitako eta gerora ere adieraziko diguzuen elkartasuna eta baita etorkizunik gertuenekoan dudarik gabe helaraziko diguzuena, gure ustez, honela bideratu beharko genukeena:

  • LAGUN AROren araudia aldatzea eta funtsezkoa akordioak lortzea Korporazioan, egoera honi aurre egin ahal izateko. Esaterako, bazkide izaera galtzearen inguruan, aurreerretirorako eta langabeziarako osagarrietan,Lagun Arorik kanpoko aldi baterako lanei heldu ahal izatea langabezia-eskubidea galdu gabe eta halako gaiak.
  • Konponbide eta bermea kooperatibisten ERANTZUKIZUNA MUGATUA izan dadin.
  • DUINTASUNEZ gainditzea borondatezko ekarpenen eta bazkide ez-aktiboen kapitalaren inguruan sortu den arazoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak