Fagor Etxetresnek ez dute erabaki ze motatako hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko duten

Leire Kortabarria 2013ko aza. 12a, 12:46

Fagor Etxetresnak egunotan da aurkeztekoa hartzekodunen konkurtso eskaera. Konkurtso-legeak bi bide ematen dizkio zordunari, kasu honetan Fagor Etxetresnei: hitzarmen bidezko konkurtsoa eta likidazio bidezko konkurtsoa. Beste aukera bat da konkurtso-administratzaileak erabakitzea. Bada, kooperatibak oraindik ez du erabaki ze bide aukeratuko duen.

Fagor Etxetresnek Espainiako Balio-Merkatuaren Batzordeari jakinarazi beharko dio hartzekodunen konkurtsoan sartzen dela, eta "aldi berean" publikoki jakinaraziko duela esan du enpresak. Gaur arratsaldean da Edesako langileei esatekoa ze erabaki hartu duen Basauriko lantegiarekiko.

Modu batera edo bestera, Donostiako 1. Merkataritza-Epaitegian aurkeztuko dute Fagor Etxetresnek konkurtso-eskaera.

Espainiako konkurtso-lege berriak bi soluzio ematen ditu aukeran: hitzarmena eta likidazioa. Aukera zordunak eta hartzekodunek egiten dute, baldintza batzuk kontuan hartuta.

Konkurtso guztiek lehenengo fase bat dute, denendako berdina dena. Enpresaren jarduera osoa geratu egiten da. Konkurtso-administratzaileak enpresaren ondasunen txostena eta zordunen zerrenda egiten du, besteak beste, eta epaileari aurkezten dio dena. Fase horrek hainbat hilabete hartzen ditu.

Hori bukatuta irekitzen dira bi aukerak: hitzarmena eta likidazioa. Hitzarmena egin nahi bada, epaileak ordainketa-proposamen bat egiten die hartzekodunei. Normalean, zorren diru-kopurua murriztea eta urte batzuk itxoitea proposatzen da.

Legeak hitzarmena hobesten du, baina, hitzarmen proposamenik ez bada aurkeztu edo proposatutakoak epaileak edo hartzekodunek ez badituzte onartu, likidazioa egiten da. Administratzaileak likidazio-plan bat egin beharko du eta zerrendatutako enpresaren ondasun guztiak hartzekodunen artean nola banatu ezarri beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak