Javier Goienetxea: "Buru belarri lanean gabiltza gaia argituta eta ziurtatuta gelditzeko"

Ane Miren Etxeberria 2013ko aza. 11a, 13:28

Javier Goienetxea, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea da eta Fagorren inguruan gertatzen ari den guztiaz bere iritzia jaso dugu.

Fagor likidatuko dute... eta orain zer gertatuko da?

Uste dut gaia zehatzago adierazten duela “Fagor likidatu egingo da” esanak. Orain zer?, zaila da erantzutea, Mondragon barruan ez dago horrelako esperientziarik, lehenengo aldiz gertatzen den egoera bat da. Orain lan egitea tokatzen zaie, Fagor etxetresnako langileei eta Korporazioko entitateei, Lagun Aro eta Mondragoeri. Aukerak bilatzen, aukerak harrapatzen, denok prest egotea komeni da ahal den neurrian kaltea txikiena izateko.

Egungo egoeran, non geratzen dira bazkideen ekarpenak?

Konkurtsoaren arabera izango da hori. Itxaron egin behar, hortaz. Bazkide eta kooperatibaren gai bat dela uste dut, hor Korporazioak ez daukala joko askorik ematen du. Ez dugu ahaztu behar Mondragon Taldea osatzen dutenak kooperatiba bakarrak direla, bakoitza beren ardurarekin, nahiz eta dibisioka antolatuta egon. Eta kooperatibak pertsonak osatzen dute, hortaz bakoitzaren kooperatiban bazkideak jarritako ekarpenak jasotzeko aukerarik ez egotea gertatu ezkero, nori eskatu diru hori? beste kooperatiba batzuei eta bertako bazkideei? eta ez du uste Korporazioak tresnarik duenik eta horretarako antolatuta daudenik, gaur egun behintzat ez.

Ekarpenez gain ondasunak arriskuan daude? Konfirmatzerik duzu?

Gure ustez ez, argi daukagu lan bazkideen ardurak jarritako ekarpenei mugatuta daudela. Gai juridikotan ziurtatzea zaila izaten da, baina Korporazioa eta Konfederazioa buru belarri lanean gabiltza gaia argituta eta ziurtatuta gelditzeko.

Erantzukizuna eskatzeko aldarrikapenak entzuten dira, hori tokatzen da kooperatiba bat izan arren?

Garrantzitsua da erantzukizunak ezagutzea. Hobe, hala eta guztiz, arduratasunari erreparatzea. Zein da arduraduna? Entzuten diren iritzietan ematen du errudunak kooperatiba kanpoan daudela, eta hori nire iritziz ez da horrela, kooperatiban denok daukagu norberaren ardura. Hemen gertatu denak merkatuarekin dauka zerikusi handia. Fagor etxetresnak gauza asko egin ditu ondo egoerari aurre egiteko, lanpostu murrizketak, soldata jaitsierak…. baina ez da, tamalez, nahikoa izan. Hortik aurrera, lehenengo etxe barrura begiratzea komeni da, biktima paperetik ardurara pasatuz. Gero, behar bada, albora eta kanpora begiratu beharko da, ikusiz eta galdetuz lehenengo, kritikatu eta exijituz gero. Benetako onura ekarriko duena, errudunak aurkitzen ibiltzeak baino, denok konponbideak bilatzen jartzea izango da.

Kooperatibismoak indarrean jarraitzen duela berresten duzu?

Duda gabe. Ezagutzen dudan eredu sozio-enpresarial aurreratuena da, bere “inperfekzioekin”. Bestela zer daukagu, kapitalismoa? Egin beharko genukeena da geurea defendatu, gure alde borrokatu. Entzuten diren ahotsak haserrea eta amorrua erakusten dute, eta gaurko egoeran ulertzekoak izan daitezke, baina seguru nago pertsona asko daudela gertatutakoaz hausnarketak egiten eta ereduaren balioarekin ados daudenak.

Inpaktuaren arabera ere egon dira hitzaldi “katastrofistak”, asko interesatuak zalantzarik gabe. Zer esanik ez, Arrasaten eta bailara osoan kaltea nabarmena dela. Basauri eta Azpeitian ere berdin. Urruntzen joan hala gutxiago. Mondragon talde barruan Fagor Etxetresnen salmentek %8 edo %9a suposatzen du. Eta Konfederazioari buruz esan, beste kooperatiba asko daudela Mondragonetik kanpo, nekazal eta elikagaiekin zer ikusi dutenak, hezkuntzakoak (ikastolak, …), garraiolarienak, eta abar. Hortaz, orokorrean ikusita Fagor etxetresna osoko zati bat, handia bakarrik ikusita, baina zati bat da. Beste gai bat da irudiari egin diezaiokeen kaltea. Ni ziur nago onik aterako garela egoera honetatik, denok lanean jartzen bagara irteerak bilatzen. Indartuta irtengo gara egoeratik nahiz eta gaur zaila egin horrela ikustea.

Herritar eta kaltetuei mezuren bat bidaltzeik nahi?

Federazio, Konfederazio, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenaren animoa eta solidaritatea transmititu. Fagor Etxetresnetako bazkideri eta familiei lehenik eta behin, baina baita beste kooperatibetakoei ere. Denok gara eredu kooperatiboaren atal bat, eta denok beharrezkoak. Ea egoera honetatik ikasten dugun berriz gertatu ez dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak