Ekintzaileendako bi laguntza mota bideratuko ditu Garapen Agentziak

Leire Kortabarria 2013ko aza. 11a, 13:21

Enpresa-ideiak dituztenendako eta aurrera irten daitezkeen jakin nahi dutenendako, edo aurrera eroatea erabaki dutenei eta horretarako baliabideak behar dituztenendako laguntza deialdiak egin ditu Mankomunitateko Garapen Agentziak, Eusko Jaurlaritzak ipini dituen finantzazio-programen eskutik. Bietarako izenematea zabalik dago azaroaren 15era arte.

Eskaerak Debagoieneko Mankomunitatean egin behar dira, 08:00etatik 14:00etara bitartean.

Deialdi bat enpresa-ideia berriak dituztenei zuzenduta dago, eta tutorizazio, aholkularitza eta laguntza emateko da, ideia hori bideragarria den aztertu dezaten. Laguntzak irauten duen bitartean, hileko 1.500 euroko dirulaguntza jasoko du onuradun bakoitzak. 

Beste deialdia enpresa-proiektua eginda daukaten eta hori martxan jarri nahi dutenendako da. Horiek 750 euro jasoko dituzte lehenengo hiru hilabeteetan enpresa martxan jartzeko, eta beste 750, enpresari alta ematen diotenean.

Baldintzen artean hauek daude: Debagoienean erroldatuta izatea; langabea eta enplegu-eskatzaile gisa Lanbiden izena emanda egotea; negozio-ideia titulartasun eskualdatze hutsa ez izatea; bezero bakar batendako lanik ez egitea; eta aurretik autonomo gisa izena emanda ez egotea.

2014an, enpresak martxan

Debagoieneko Mankomunitateko arduradunek eskaerak lehenbailehen aurkeztera animatzen dute. Dirulaguntza programa horiek zeudela jakinda, Mankomunitateak eskaera egitea erabaki zuen; eta orain, Eusko Jaurlaritzak ebatzi egin behar du zenbateko dirulaguntza ipiniko duen Mankomunitateak bideratu dezan. Ebazpen hori jasotzen denean jakingo dute arduradunek zenbat proiekturako laguntza dagoen.

Mankomunitateak aurkeztutako eskaera guztien artean hautaketa egingo du, esandako baldintzak kontuan hartuta, eta gero, hautatutakoek egin beharko diote dirulaguntza eskaera Eusko Jaurlaritzari. Behin betiko onespenak ekintzaile berriei abenduan jakinarazteko moduan egotea espero du Mankomunitateak. Proiektuak abian jarri beharko lirateke 2014ko lehenengo hiruhilekoan.

Laguntza eske joaten diren guztiei erantzuteko moduan egoteko nahia agertu dute Mankomunitateko arduradunek, joaten direnean joaten direla, baina dirulaguntza programa zegoela jakinda, hura bideratzea eta baldintzetara egokitzea erabaki zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak