Canicross lasterketa asteburu honetan izango da

Ane Miren Etxeberria 2013ko aza. 7a, 11:04

Asteburu honetan, lasterketa berezi zein ikusgarri batez disfrutatzeko aukera egongo da, izan ere korrikalariek eta txakurrek tandema osatu eta Gorlako kantina eta Hirubide bereizten dituen ibilbidea burutuko dute. 8,2 kilometroko ibilbidea izango da eta 100 txakurtik gora izango dira lehian.

Lehen aldia da halako canicross lasterketa bat antolatzen dela geurean eta antolatzaileak pozik eta urduri samar daude izango duen erantzunaren zain.

Zapatu zein domekan izango dira probak, hala zapatu arratsaldean, 16:00tatik aurrera, txakurrek tiratutako karroen lasterketa izango da. Ondoren, patinari tira egingo dioten txakurrek hartuko dute protagonismoa eta azkenik, txakurrek bizikletak tiratuko dituzte. Domekan, aldiz, hiru proba horietako bigarren txanda jokatuko da, goizeko bederatzietan. Eta 11:00etan ekintza garrantzitsuena izango da; hau da, canicross lasterketa bera. 100 bat txakur etorriko dira korrika egitera; beraz, txakur asko.

Antolakuntzatik asteburuan Gorlara igo eta egunaz disfrutatzeko deialdia luzatu dute. Izan ere, lehen aldia da proba hau antolatzen dela eta "poliki-poliki kirol hau gure bailaran ezagutzera eman nahi dugu, eta zaletasuna piztu. Gorla eta Hirubide lotuko dituen lasterketa polita da, bai parte hartzen dutenentzako baita ikusleentzako ere" adierazi zuten antolatzaileek.

Burgosen bikain

Fernando Cobos bergararra izango da bailarako ordezkaria. Beteranoen mailan parte hartzen du eta esperientzia handiko gizona da. Asteburuan ospatuko den lasterketaz gain, beste hainbatetan ere parte hartzen du Fernandok eta topera dabil, horren adierazle garbia, pasa den asteburuko lan bikaina. Fernando Burgosen egon zen bere txakur Garirekin batera eta oso pozik dago, lehenego postua lortu baitzuen kataluniar eta galiziarren aurretik. Fernando pozarren azaldu zen “txakur honekin primeran nabil. Pentsatu baino hobeto ibili gara. 7,3 km 26 minututan egin ditugu. Oso pozik nago egindako lanarekin” adierazi du. Lehen postua lortu zuen bere mailan, baina halaber, sailkapen nagusian postu bikaina lortu du eta Espainiako kopan lehenengo postuan kokatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak