Korporazioaren exekutibaren mekanismoetan aldaketak ezinbesteko ikusten ditu Cancelok

Gaur Diario Vasco egunkariarekin egindako elkarrizketa baten Mondragon Taldeko exekutibaren hautapen zein erabakitze mekanismoen debateari heltzearen alde agertu da Antoni Cancelo, 90. hamarkadan Mondragon Taldeko presidente izandakoa. Erabakiak, dratiskoak izanda ere, lehenago hartu behar izan zirela dio Vocento taldearen Gipuzkoako berripaperean. Seguru dago Cancelo Korporazioak langileak birkokatzeko ahalmena baduela eta Taldeko exekutibak interbenitzeko eskumen gehiago behar duela ohartarazten du.

Krisialdian hartu – 1995ean – eta loraldietako baten ostean – 2001an – utzi zuen Mondragon Taldeko presidente kargua Antonio Cancelok (Zamora, Espainia, 1936). 90eko krisialdiak bete-betan jota, karguan egindako urteetan langile kopurua bikoiztu zen, Eroskiren zabalkunde urteak izan ziren eta 44 enpresa berri sortzeaz gain, Mondragon Unibertsitatea jaio zen. Egitasmo kooperatiboen aholkulari dihardu orain, bere kasa, Cancelok. Diario Vasco egunkarian egin dioten elkarrizketan Fagor Etxetresnen gainbehera eragin duten  arrazoiak aztertu ditu eta planteatzen den eszenario berriak eragin beharko lituzkeen hausnarketez hitz egiten du zuzendari ohiak. Argi lagatzen du berak planteatzen dituen ideiak "plano teoriko" baten behar dutela hartuak izan, hamabi urte daramatzalako Taldetik kanpo. Bigarren zehaztapen bat ere egiten du, hausnarketa orokorra dela berea, Korporazio osoari lotutakoa, ez hertsiki Fagor Etxetresnen kasu konkretuaren ingurukoa.

“Kooperatiba jakin baten beharrekiko elkartasunak muga dauka”, argi du Antonio Cancelok: “multzo osoaren bideragarritasuna kolokan jartzea da”. Horregatik konbentzituta agertzen da elkarrizketan aukera guztiak ahitu eta gero hartu dela erabakia. Hala ere, akats moduan ikusten du neurri drastikoak lehenago hartu ez izana, ze “ezin daiteke azken unera arte itxoin, edozein delarik ere horien gogortasuna”.


Izen zehatzak ez ei ditu eman gura baina Cancelok exekutibari egozten dio erantzukizunaren zati handi bat, eta, zehazki, kooperatibak berak postu exekutiboak hautatzeko moduari; “ezin delako giza baliabideetan espezializatutako enpresa batetara jo  administrari laguntzaile bat kontratatzeko eta zuzendaritza karguak aukeratzerako orduan, batzorde baten irizpideez aparte, bestelako iragazki ala exigentziarik ez egotea”. Azaltzen duena da “konbinatu egin behar direla hautaketa demokratikoaren printzipioa eta betekizun jakin batzuen eskakizuna”.


Hain zuzen, Korporazioaren egituran bertan dakusaz gakoak Cancelok eta debate hori hastear dela dio, “erreformatu beharreko ezaugarri” moduan ikusten baitu. Korporazioak bere gain esku-hartze exekutibo handiagoa hartu beharko lukeela mantentzen du Cancelok eta behar diren eskumenez baliatu, “semaforo gorriak ezarri eta tartean sartzeko”. “Ongi ulertutako bertikaltasuna ez da txarra”, dio, eta “mekanismo horiek iraganean” egon bazeudela.

Bazkide eta birkokatzeen lehentasunak

Kooperatiba eta egitasmo zehatzen bizirautearen gainetik langileak daudela azpimarratzen du Cancelok. Birkokatzeek, ordea, "enpresen eta produktibitate eta eraginkortasunaren pekora" egon behar dutela azpimarratzen du presidente ohiak eta, ez hori bakarrik, bazkide bat aldi baterako langile bati gailendu beharko litzaiokeela "soilik lanposturako baliagarritasuna frogatuta balego". Eransten du, osterantzean, "enpresa baten funtsezko xedeari" egingo zitzaiokeela huts, hau da, "merkatuan eutsi eta enplegua sortzeko gauza izatea".
Bateko langileak beste kooperatiba baten birkokatzeko ahalmenari buruz, Cancelok "zalantzarik ez" dauka, "nahiz eta denbora beharko den". "Konfiantza betea" ei dauka "Mondragonen jarduera berriak sortzeko gaitasunean" eta gehitzen du agian ez direla "3.000 langileko enpresak izango baina bai 30eko ehun".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.