11:30erako zegoen deituta elkarretaratzea, baina langileek Fagor Etxetresnen San Andreseko hozkailuen plantara sartu eta plataforma berri bat eraikitzen hasteko lehenengo pausoak eman dituzte. Bi ordu inguru eman dituzte barruan, bilduta.
Bazkide bakoitzaren egoera kontutan hartzea eta Enplegu Bulego Korporatiboaren "arazoa" konpontzea izango dira, besteak beste, plataforma berriaren helburuak. "Informazio falta" ere salatu dute, izan ere, bazkideek adierazi dute ez dutela negoziazioen nondik norakoen berririk. Haserrea agerikoa zen elkarretaratzean zeuden bazkide askoren artean.
Eguenean, beste bat
Eguenean, beste elkarretaratze bat egingo dute 12:00etan San Andreseko plantan, eta bazkide guztiei deialdia zabaldu diete, denen parte-hartzea "oso garrantzitsua" izango delako aurrera begirako ekintzak zehazten joateko.
Biharko, bestalde, kontzentrazioa deitu dute Gasteizen, Fagor Etxetresnen egoeraren harira Lakuan bilera egingo dutela-eta, eta hara joateko autobusak irtengo dira Arrasatetik. 10:30ean aterako dira San Andreseko plantatik eta autobusean joateko gaur eman beharko da izena, harreran.