Haierrek apurtu egin du Fagor Etxetresnekiko akordioa

Leire Kortabarria 2013ko aza. 5a, 12:08

Haier multinazionalak apurtu egin du Fagor Etxetresnekin zuen lankidetza. Joan den irailean jakinarazi zuten joint venturea egingo zutela, baina orain Haierrek bertan behera uztea erabaki du.

Fagor Etxetresnek Espainiako Balio-merkatuaren Batzordeari atzo jakinarazi zioten Haierren erabakia, baina dagoeneko egubakoitzean hartuta zegoen erabaki hori.

Fagor Etxetresnek esan dutenez, kooperatibaren egoera dela-eta, ezin du Haierrekiko zituen konpromisoak bete, eta horregatik gertatu da apurketa.

Joan den irailean jakinarazi zuten bi enpresek joint venture hori egingo zutela. Haierrek zuen gehiengoa: % 51. Fagor Etxetresnen itxaropena zen nazioartean, batez ere Asian, indarra hartzea eta merkatu estrategikoetan haztea. Hain zuzen ere, 2013-2016 Plan Estrategikoan jasotzen zen hazkunde-planean sartzen zen txinatarrekiko akordioa.

Haierrek, bere aldetik, Europan indartzea zuen helburuetako bat, eta Fagorrek Polonian, Wroclaw hirian duen lantegiarekin interesatuta zegoen, batez ere, eta lantegi berri bat egiten hastekoak ziren Polonian. 56 milioi euroko hasierako inbertsioa aurreikusten zen. Sektorean aitzindaria zen joint venture hori. Planen arabera, 500.000 hozkailu egiten hasiko ziren biak batera, eta, bost urtean, milioi bat ale ekoiztuko zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak