Irati Jimenez: "Batzuk profesionalak izan arren, denok gara idazleak"

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 7a, 01:00

Bat, bi Manchester eta Nora ez dakizun hori eleberrien idazleak genero gehienak landu ditu. Aiztoa eta arkatza du azkena, ia 30 idazleren aholkuak jasotzen dituen liburua.

1. Arkatzak bai, baina zein harreman du aiztoak literaturarekin?

Izugarri nabarmena. Literaturaren eta hizkuntza idatziaren tresna nagusienetakoa sintesia da: inportanteagoa da hitzarekin asmatzea, hitz asko esatea baino. Liburuan idazle askok aipatzen dute moztu eta kentzearen garrantzia.

2. Idazlea ez den irakurleari zertan lagunduko diote aholkuok?

Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, idazleak ia denok gara. Nork ez dio bikote ohi bati e-maila idatzi? Edo doluminak? Edo loretxo bat? Batzuk profesionalak izan arren, denok gara idazleak.

3. Aita idazlea izanda, zuk zeuk etxean jasoko zenituen aholkuak.

Aholkurik onena: eredua, lanbide bat normaltzearen eredua. Batzuek idaztea, jarduera artistikoak, urrun dituzte. Nik oso hurbileko izan ditut, eta lanbide bezala ikustea erabakigarria izan da.

4. Zer esango zenioke idazten hasi gura duen bati?

Ez ahazteko idaztearen plazera:  askori, txikitatik datorkie idazteko grina; eta umetan, idaztea jolastea da. Eta idaztea izan dadila bizitzaren zati bat: zenbat eta bizitza aberatsagoa izan, orduan eta gehiago disfrutatuko du idazten. 

5. Idazteko orduan, zerk motibatzen zaitu?

Idaztearen plazerak berak. Exorzismoa ere bada: buruan ditudanak idazteak burua askatzen dit.

6. Ia genero guztiak jorratu dituzu. Denetan eroso edo denetan deseroso zauden seinale?

Denetan egon dira erosotasun eta deserosotasun uneak. Buruan izan ez dudan generoa poesia da: irakurtzea gustatu arren, idaztean ez dut zaletasunik eduki. 

7. Zein idatzik bete zaitu gehien?

Aiztoa eta Arkatza-n autore batek dio liburuak bikotekide ohiak legez direla: zure bizitzatik irten eta buruan ez izateak ez du esan gura ez dituzula asko maite izan. Niretzat, bere momentuan, denak izan dira garrantzitsuenak.

8.  Lan kuriosoak ere badituzu: Mulder eta Scullyren arteko harremanaren analisia, esaterako.

Telezailak libururako, bai. Beti izan naiz oso telesail-zalea, eta hainbat autoreren artean frikada hori egiteko aukera sortu zen. Sekulako plazera izan nuen; bereziki horrelako gaiak euskarara ekartzeko aukera izan zelako.

9.  Sariek paper garrantzitsua izan dute zure ibilbidean.

Literaturan sartzeko modu bat  izan da; neure buruari nire maila frogatzekoa ere bai. Dirua lortzeko ere balio izan zidan orduan.

10.  Kazetaritza: hitzekin jolasteko beste era bat ala fakturak ordaintzekoa?

Lehena. Kazetari akzidentala naiz, asko gozatzen dut: zenbat eta leku gehiagotan ibili, orduan eta gauza gehiago idatzietara ekartzeko.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Egia esan, dagoeneko badaukat makila magikoa: arkatza. Dena aldatzeko balio du, besterik ez bada fikziozko munduan. Makila magikoa banu, boterez mozkortuko nintzateke eta, beharbada, ez nuke jakingo gelditzen. Ez zait komeni makilatxo bat izatea; hobe arkatza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak