Bizkaiak irabazi du neska zein mutiletan Oñatin jokatutako Euskadiko saskibaloi txapelketa

Jagoba Domingo 2013ko aza. 3a, 19:58

Infantil mailako lehiak izan dira, ia denak oso parekatuak. Zale kopuru polita eta saskibaloi giro ederra izan da hiru egunez Zubikoan. Debagoienak ordezkari bat izan du Gipuzkoako selekzioan, Ointxen jokatzen duen Jon Zabaleta aretxabaletarra.

Nagusien mailan, EBA ligako saskibaloiarekin bi urtez gozatu ederra hartu eta gero, berriz ere harrobiko lanari lehentasuna ematea erabaki zuen aurreko denboraldi bukaeran Aloña Mendiko zuzendaritzak, eta herriko neska-mutikoen artean zaletasuna pizteko helburuarekin, besteak beste, selekzioen arteko infantil mailako Euskadiko Txapelketa Oñatira ekarri.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko selekzioen arteko lehiak ikusteko aukera izan da egubakoitzetik domekara Zubikoan, neska eta mutiletan, sei partidu guztira, eta maila politeko saskibaloiarekin gozatzeko aukera izan dute harmailetan batutakoek –jokalarien senide eta lagunak asko, baina baita herriko eta bailarako zaleak ere–. Emoziorik ere ez da falta izan gainera eta, bat salbu –Bizkaia eta Arabaren artekoa, mutiletan–, partidu guztiak erabaki ziren azken unean, oso alde txikiekin.

Nesken arteko lehiak adibiderik garbiena: Bizkaiak puntu bakarreko aldearekin irabazi zien bai Gipuzkoari eta baita Arabari ere; beraz, bi puntuk eman zieten azken garaipena bizkaitarrei. Araba eta Gipuzkoaren artekoa ere estu-estua izan zen, eta gipuzkoarrek irabazi zuten azkenean, bigarren postua lortuz. Mutiletan, Araba izan zen bigarren eta Gipuzkoa hirugarren.

Debagoiendar bakarra

Gogotsu ibili dira asteburu osoan erkidegoko selekzioetako jokalari guztiak, eta ez zen gutxiagorako, ze Oñatin txapela janztea bakarrik ez, Euskadiko selekzioan leku bat lortzea ere bazuten jokoan. Datorren astean hasiko dira entrenamenduak, urte hasieran jokatuko den Espainiako Txapelketara begira, eta denek nahi dute hor egon. Honela, behatzailerik ere ez da falta izan egunotan Zubikoako harmailetan.

Debagoienari dagokionez, ordezkari bakarra izan du txapelketan, Arrasateko Ointxen jokatzen duen Jon Zabaleta aretxabaletarra. Izan ere, Gipuzkoan Azpeitiako Iraurgik eta Donostiako taldeak dira oparoenak.

Jon Zabaletaren berbak

Tapelketa amaieran hauxe zioen aretxabaletarrak: "Ondo egon da txapelketa. Pena izan da jokatutako bi partiduak galdu izana. Azkenean irabazle izan den Bizkaiaren kontra 14 gora joan ginen eta azkenean galdu egin genuen, bi luzapen eta gero".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak