Martitzenean, azaroak 5, sartuko dira Basauriko Edesako langileak itxialdian. Ataka estuan ikusten dute bereziki euren egoera; kooperatibista izanda ere, Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraitu baitute, 90 hamarkadan Fagorrera batu arren. Egoera berezi horren ondorioz, beldur dira Mondragon Korporazioa ez ote den lehenago Arrasateko lantegiko langileak birkokatzen saiatuko, horiei Lagun Arok ordaintzen baitie langabezia.
Horren aurrean eta lanpostuen defentsan, martitzenetik aurrera itxialdiari ekingo diotela iragarri dute Edesako beharginek.
Fagor Etxetresnetako langileei dagokienez, Basauriko lankideen erabakiaren asmoa Kontseilu Sozialaren egueneko batzarrean jakin zuten. Eurek ere itxialdia egingo duten ala ez, datorren martitzenean erabakiko dute, Kontseiluaren hurrengo batzarrean, hain justu, Andoni Azkargorta Kontseilu Sozialeko kideak baieztatu duenez.