Partida sozialenak handitu ditu Foru Aldundiak datorren urteko aurrekontu proiekturako

Leire Kortabarria 2013ko urr. 31a, 15:16

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua %3 haziko da datorren urtean. Larraitz Ugarte bozeramaleak aurreratu zuen moduan, Gizarte Politikak aurrekontuaren erdia hartuko du eta iaz baino diru gehiago kudeatuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan. Guztira, 758.641.970 euro izango ditu, ekitaldi honetan baino % 3,02 gehiago. Gastu sozialak izan du lehentasuna aurrekontuak diseinatzeko orduan, izan ere, Gizarte Politikako Departamentuaren partida hazi egingo baita eta gainerako departamentuetako inbertsio sozial batzuk ere garrantzi berezia hartu dutelako (autobus zerbitzuak hobetzeko igoera, bidegorrietako inbertsioak eta enplegu planak esate baterako).

Gastuaren alorrean murrizketarik ez da izango 2014ko aurrekontuetan, eta murrizketarik ez egitea izan da lehentasuna, Martin Garitano diputatu nagusiaren esanetan. Larraitz Ugartek iragarri zuen moduan, aurrekontuen % 48,7 gizarte politika sailak eramango du.

Besteak beste, mendekotasun legeko laguntzak eta zerbitzuak ordaintzeko aurrekontua handitu egin da: "Horrela, Foru Aldundiak artatzen dituen 23.000 gipuzkoarren egoerari aurre egingo diogu, ezin ditugu estaldurarik gabe utzi eta ez ditugu utziko", adierazi du diputatu nagusiak.

Lehentasunak hauek dira: gizarte politika, garraio publikoa, enplegua eta tokiko garapena eta euskara eta kultur proiektuak; eta horiek diruz sustatuko dituztela esan dute foru arduradunek. "Gizarte politikari dagokionez, herritarrek eskuratutako gizarte arloko eskubideei eutsiko zaie, krisi betean egon arren", esan dute. Dependentziako Legean diru kopuruari eutsiko zaio. Pobreziari aurre egiteko baliabideak hirukoiztu egingo dira. 20 plaza berri sortuko dira, autismoa, ezgaitasun fisikoa edo garun-paralisia dutenentzat.

Bidegorrietan, % 43 gehiago

Mugikortasun iraunkorrak ere garrantzi berezia hartuko du. Autobus zerbitzura doan gastua % 9 handituko da, eta eskualdeetako hobekuntzak herritarren eskariak kontuan hartuz egingo dira. Bidegorrietan inbertsioak % 43 haziko dira. Horrez gain, errepideen mantenimenduak lehentasuna izango du segurtasuna hobetu ahal izateko.

Enplegua dela eta, Aldundiak "kezka handia" agertu du, eta "ahalegin berezia" egingo duela esan du: "Lurraldearen oreka eta garapena bermatzeko ekimenak jarriko dira martxan, eta egitura berriak sortzeko sektorekako enplegu planak abiatuko dira".

Kultura eta euskara alorretan, Donostia 2016 egitasmoari eutsiko dio Aldundiak, 2 milioi euroren bidez.

Bestalde, foru agintariek esan dutenez, "aurrekontuak lantzeko orduan azterketa egin da genero ikuspuntutik, politika publikoak hobetzeko, politikek herritarren ongizatean duten inpaktua ezagutzeko eta departamentuen arteko efizientzia ebaluatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak