Pobreziaren aurkako prestazioak handitu egingo ditu Foru Aldundiak 2014an

Leire Kortabarria 2013ko urr. 30a, 11:34

Gipuzkoako Gobernuaren 2014ko aurrekontuen proiektuak Gizarte Politika izango du ardatz eta ez du murrizketa sozialik aplikatuko. Hala, Gizarte Politikako Departamentuak 9 milioi euro gehiago izango ditu aurten baino, eta aurrekontu osoaren % 48,76 hartuko du.

Larraitz Ugarte foru bozeramaileak aurreratu zituen atzo, martitzena, datu horiek, eta jakinarazi zuen bihar, eguena, Diputatuen Kontseilu berezia deituko dela aurrekontuen proiektua onartzeko. Egun horretan bertan, Batzar Nagusietan aurkeztu dute Martin Garitano diputatu nagusiak eta Helena Franco Ogasuneko diputatuak 2014rako foru Gobernuak prestatutako aurrekontu proiektua.

Foru bozeramaileak emandako datu orokorrei dagokienez, Gipuzkoako hurrengo urteko aurrekontua 4.171 milioi eurokoa izango da, hau da, iaz baino % 4,63 diru gehiago. 758,64 milioi euro izango ditu Diputazioak gestio propiorako, 2013an baino % 3 gehiago.

758,64 euro horietatik ia erdiak Gizarte Politikara bideratuko dira. Ugartek esan duenez, hori horrela da "beste administrazioek egiten dituzten murrizketak estaltzeko" eta gipuzkoarrak "ez kaltetzeko".

Mendekotasun diru-laguntzak eta zerbitzuak ordaintzeko aurrekontua handituko dela esan zuen Ugartek. Mendekotasuna duten 23.000 pertsona atenditzen ditu Aldundiak Gipuzkoan.

Horrez gain, handitu egingo du berriro pobreziari aurre egiteko martxan jarritako neurri eta prestazio ekonomikoen partida. Bestalde, zerbitzuetan dauden langileen lan hitzarmen kolektiboetan hartutako hobekuntzak aurrekontuarekin babesteko konpromisoa hartu du Foru Aldundiak, atzo bozeramaileak esan zuenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak