Arantza Tapia: "Treviñok azaldutako bideragarritasun plana ez dator guztiz bat Jaurlaritzak eskatutakoarekin"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urriaren 29a

Hala hitz egin du Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak, Sergio Treviñok bart 'ETB2'n esandakoez; Radio Euskadin hitz egin du Tapiak, Fagor Etxetresnen egoeraren inguruan. Tapiaren arabera, Jaurlaritzak Fagorri eskatu dio plana "bideragarria, zehatza eta egingarria" izan dadila eta egoera ezberdinak aintzat har ditzala.

Bideragarritasun planean Mondragon Korporazioaren "inplikazioa eta laguntza" beharrezkotzat jo du, "gainerako hartzekodunek ere ikus dezaten bideragarria dela", eta korporazioari "bere posizioa zein den argitzeko" eskatu dio.

"Egoera aproposena Fagor Etxetresnetako langile guztiek bere horretan jarraitzea" litzatekeela esan du, eta "mila lanpostuei eustea lan egiten hasteko oinarri interesgarria" litzatekeela.

Mondragon Korporazioa laguntzeko negoziazioen inguruan ez du azalpenik eman, baina "korporazioari eskatutako zehaztasun batzuen zain" daudela azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak