Fagorreko bazkide ez diren langileak ere babestea eskatu du ELAk

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 30a, 10:19

Sindikatuak jakinarazi du "kezkatuta" dagoela Mondragon Korporazioko enpresetan bazkide ez diren langileen egoerarekin: "Sindikatua beldur da ez ote dieten oraingoan ere krisia ordainaraziko (talde kooperatiboan ohikoa izan den moduan). Ez gatoz bat zenbaitek lasai hartu duten jarrerarekin, hots, bazkide kooperatibista ez direnak kaleratzea onartzen dutenekin", adierazi du, prentsa ohar bidez. Langile guztien alde egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

"Irtenbide horren kontra gaude, eta urratsak emango ditugu aldi baterako langileak eta zuzenean zein zeharka azpikontratatuta daudenak defenditzeko. ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio MCCko langile guztien alde egin dezala, bazkide diren ala ez alde batera utzita", azaldu dute sindikatutik.

Diotenez, urriaren 16an Fagor Etxetresnek aurre-konkurtsoa iragarri zutenetik, ELA "arreta bereziz" ari da jarraitzen enpresa horri buruzko informazioa: "Egoera oso larria da hau, Euskal Herriko enpleguan eta sare industrialean eragin handia duena, baina gainera sindikatu honek gogora arazi nahi du gai honetan baduela parte izateko arrazoirik, izan ere, bat batean lanik gabe geratu den jende askoren ordezkari baita, esaterako, Edesako langileena nahiz beste enpresa batzuetako beharginena, zeinei egoerak nolabait eragiten baitie".

Bilera eskaera

ELAk parte hartu zuen joan den urriaren 18an Arrasaten Kontseilu Sozialak deitu zuen manifestazioan, eta iragarri du bat egingo duela korporazioko lanpostuen alde egin daitezkeen mobilizazioetan. Horrez gain, sindikatutik jakinarazi dute, kooperatiba horretako zuzendaritzari bilera bat eskatu diotela, "egoeraren berri zehatzagoa" izate aldera, baina oraingoz ez dutela hitzordurik jarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak