Enplegu eta Gizarte Politikak %20 diru gehiago izango du 2014an

Leire Kortabarria 2013ko urr. 29a, 16:26

10.215 milioi euro izango ditu Eusko Jaurlaritzak datorren urtean, aurten baino % 9,6 gehiago, eta gehien haziko den saila Enplegua eta Gizarte Politika izango da. Horrela dago jasota aurrekontuen aurre-proiektuan. Gaur Ogasun eta Finantza sailburu Ricardo Gatzagaetxeberriak aurkeztu du berau medioen aurrean. Inbertsio handienak enpleguan, osasunean eta hezkuntzan izango dira. Edozein modutan, arduradunek esan dute urte "gogorra eta zaila" izango dela, batez ere enplegu aldetik; gaineratu dutenez, "atzeralditik irteten hasiko" da euskal ekonomia, baina horrek ez du esan nahi "krisia bukatuko" denik.

Enplegu garbirik sortuko ez dela uste du Eusko Jaurlaritzak; horregatik, enplegua berpizteko inbertsio handia egin nahi dute, 1.000 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Enplegu eta Gizarte Politika sailaren aurrekontua da gehien haziko dena: % 19,7. Denetara, 952 milioiko dotazioa izango du. Diru-poltsa nagusiak bi izango dira: batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaintzeko 384,5 milioi izango ditu; eta  Gizarte Segurantzarako bonifikazioetarako, 119,9 milioi. Gizarte Larrialdiko Laguntzak ordaintzeko partida % 18,5 handiagoa izango da.

Gatzagaetxeberriaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak bi helburu handi izango ditu 2014an: eredu sozioekonomikoari eustea eta berau hobetzea, eta enplegua sortzea. Euskal ekonomia oso ahul haziko dela esan du, % 0,9.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontuak 130,5 milioi euro gehiago izango ditu, aurten baino % 5 gehiago. Beketarako 80,3 milioi euro ipiniko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Ingurumen eta Lurralde Politika da gehien haziko den sailetako beste bat: % 9,5, hain zuzen. Eusko Trenbideak eta Eusko Trenbide Sareak erakundeen finantzazio-beharrek gora egingo dute, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian.

Osasun Sailaren aurrekontua % 2,7 handituko da, batez ere, Osakidetzarekiko kontratu programaren aurrekontua dela-eta; horrek Osasun Sailaren aurrekontuaren hiru laurdenak baino gehixeago hartuko du.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurten baino % 4,9 diru gehiago izango du.

Ricardo Gatzagaetxeberriak esan duenez, aurrekontua 900 milioi handiagoa izan arren, amortizazioak askoz handiagoak izango dira: aurten 200 milioi baino gutxixeagokoak ziren, eta datorren urtean, 538 milioikoak izango dira. Beraz, "benetako hazkundea" 561 milioi eurokoa da.

Fagor Etxetresnen gainean hitz egin du gero Josu Erkoreka bozeramaileak. Kazetarien galderei erantzunez, esan du Eusko Jaurlaritza gertu dagoela Mondragon Korporazioarekin Fagor Etxetresnen bideragarritasun eta berregituratze plana egiteko ardura konpartitzera, baina enpresak hartu behar dituela erabakiak.

Hemendik aurrera, Legebiltzarreko taldeek bi hilabeteko epea dute emendakinak aurkezteko. Abenduaren bukaeran eztabaidatuko dute aurre-proiektu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak