Fagor: Produkzio errentagarriak mantentzearen alde

Ubane Madera 2013ko urr. 29a, 11:01

Fagor Etxetresnetatik gaur jakinarazi dute "finantzazio bide berriak bilatzeari ekin" diola, "hartzekodunekin dituen betebeharrei erantzun eta jarduera produktibo errentagarriari jarraitu ahal izateko".  Horrekin batera, azpimarratu dute "kooperatibak konpromiso irmoa berretsi" duela "eskualdeko enpleguarekin eta garapen iraunkorrarekin". Bazkideen ekarpenei ere egiten die erreferentzia Fagorrek, esanez bazkideen "erantzukizuna bazkideak kooperatiban duen kapitalera mugatzen dela", bestela esanda, "ez dagoela arriskuan euren ondare pertsonala".

Gaur (martitzena) bidali du "jakinarazpen ofiziala" Fagorrek. Bertan, eta bazkideen ekarpenei dagokienez, Fagorren komunikatuak dio "bazkideak jasan beharreko inpaktu ekonomikoari dagokionez (…) bazkideak zorraren aurrean duen erantzukizuna kapital sozialari egin dion ekarpenera mugatzen dela, hau da, ezein kasutan ez dagoela arriskuan bere ondare pertsonala. Bazkideak galeren aurrean duen erantzukizunari dagokionez, kontsideratzen duguna da, beste edozein merkataritza-sozietateri ematen zaion tratamendua zor zaiola   eta, beraz, erantzukizuna bazkideak kooperatiban duen kapitalera mugatzen dela  eta, ildo horretan, Kooperatibaren legearen aldaketa lantzen ari da".

Horrekin batera, "bazkideekiko komunikazio zuzen eta pertsonala lehenetsi" duela ere azpimarratu du.

Bideragarritasun plana

Lantzen diharduen bideragarritasun planari buruz, berriz, "konpainiaren jarduera bizirik mantentzearen aldeko konpromisoa berresten du" Fagorrek "negozio errentagarrien aldeko apustuari eutsiz eta berregituraketa-prozesu sakonari helduz, horrela lehiakortasuna areagotu ahal izateko. Honek 2012ko abenduan onartutako Plan Estrategikoa berrikustea ekarri du, eredu kooperatiboa egungo egoerara egokitu eta indartuta atera dadin". Zentzu horretan, besteak beste, berretsi dute "kooperatibak oinarritzat dituen elkartasun-printzipioak" garatuko dituztela.

Finantzazioa, Jaurlaritza eta bazkideak

Bestalde, finantzazio kontuak ere aipatzen dituzte esanez, "Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntza guztiak konpainiaren bideragarritasuna bermatzera zuzendu" direla. Eta ildo beretik dio "beti baloratu" duela "positiboki bai Eusko Jaurlaritzak bai Mondragoneko kooperatibek erakutsi duten laguntzeko borondatea eta bereziki estimatu eta miretsi" duela "Kooperatibon bazkideek, azken urteotako elkartasun uhinera gehitzeko, demokratikoki hartu dituzten erabakiak".

Frantzia eta Polonia, itxita

Bukatzeko, gogora ekartzen du hasi direla langabezian geratu diren langileak birkolokatzen. Eta baita ere, "Frantziako Fagor Brandt-eko eta Poloniako Fagor Mastecook-eko lantegiak geldirik" daudela, "kooperatibaren zuzendaritzak finantzazioa bilatzeko abian jarritako prozesuaren emaitzaren zain". Halaber, dio "aktibo mantentzen" dituela "bere marka guztien jarduera komertziala eta salmenta osteko zerbitzuak, bere produktu guztien bermeekin batera, bere ohiko merkatu guztietan".

Hementxe klikatuta duzue jakinarazpen guztia irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak