Jon Odriozola: "Gaur egun euskal txirrindularitzak duen proiekturik sendoena hau izan behar da"

Miren Arregi Amasorrain 2013ko urr. 25a, 20:06

Dakizuen moduan, Ner Group taldearen babesletzari esker, Euskadi Fundazioaren txirrindulari taldeak aurrera egingo du. Kontinental mailako taldeak, Jon Odriozola oñatiarra izango du aurrerantzean alor teknikoa eta kirol arloa zuzentzen eta koordinazio orokorra Ner Group taldearen esku geldituko da. Pozik eta lanerako gogoz dago Odriozola, euskaldunontzako sekulako albistea dela uste baitu: "txirrindulari proiektu bat egotea kontutan izanda ze egoeratan gauden oso pozgarria da". Barruan, Odriozolaren adierazpen gehiago.

Esan bezala, Odriozola pozik azaldu da esku artean duen erronka berri honekin, izan ere, "ardura handiko lana da, Euskal Herrian dagoen txirrindulari proiektu nagusiaren kirol ardura hartzea". Gaineratu du, Euskaltel taldearen desagertzea zartada itzela izan dela, bereziki erreferente profesionalak galdu direlako; estruktura sendoak galdu direlako. "Euskadi Fundazioak jarraipena emango dio", gaineratu du. Esku artean duen erronkaren gainean galdetuta dio, lehentasuna dena martxan ipintzea izango dela, federazioarekin hitz egin eta amateur maila teknifikatzea. "Hau proiektu profesional bat da, behera begirakoa eta jendearen formazioa kontutan izan behar duena".

Kontinental mailako taldeari dagokionez, dio, orain arteko txirrindulari guztiek jarraitzea ezinezkoa izango dela, baina Mikel Aristi bergararrarekin kontatzen duela: "Garbi daukat Mikel Aristirekin hitz egin behar dudala, izan ere, etorkizun handiko txirrindularia da baina agian urte erdi-edo afizionatuetan aritu behar da eta denboraldi bukaeran sartu dezakegu. Hori nik erabaki behar dut eta balorazio bat egin ostean erabakiko dut hasieratik egon behar duen gurekin edo beranduxeago sartu behar den. Argi dagoena da, berarekin kontatzen dudala". 

Migel Madariagak aurrerantzean izango duen jardunaz galdetuta, dio beti egongo dela fundazioarekin lotuta: "Orain arte bera izan da arduradun nagusia eta baita kirol arduraduna ere. Orain Ner-ek koordinatuko du dena eta ni izango naiz kirol arduraduna. Migelek ondo ikusten du gainera. Denon artean euskal txirrindularitza proiektu sendo bat sortzea da garrantzitsuena".

2014ko denboraldian talde berria errepidean ikusiko dugu, eta beraz, burubelarri dihardute lanean ordurako dena gertu egon dadin. "Gauza asko dago egiteko baina nire buruan nahiko bideratuta dago guztia". Azpimarratu du,  hau izan behar dela euskal txirrindularitzak duen proiekturik garrantzitsuena eta horri begira lan egin beharko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak